«Ikastetxea aukeratzeko askatasuna» aldarrikatu du Ikastolen Elkarteak

Ordiziako ikastolako matrikulazioen harira ELAk, Steilasek eta CCOOk Jaurlaritzaren aurka jarritako salaketa «funtsik gabea» dela adierazi du

Ordiziako Jakintza ikastola, artxiboko irudi batean. ARKAITZ APALATEGI / GOIERRIKO HITZA.
Maite Asensio Lozano.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkartea haserre agertu da ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek Ordiziako Jakintza ikastolako (Gipuzkoa) matrikulazioen aferan hartutako bidearekin: joan den astean iragarri zutenez, auzitara joko dute Eusko Jaurlaritzaren aurka, Hezkuntza Sailak ikasleen onarpenari buruzko dekretua urratu duelakoan. Ikastolek ohar bidez erantzun zieten atzo sindikatuoi: salatu zuten Ordiziako ikastola «jazarpen kanpaina» bat jasaten ari dela, «publiko-pribatu dikotomia antzuan oinarrituta» eta «funtsik gabeko salaketak» erabiliz. Era berean, «ikastetxea hautatzeko askatasuna» aldarrikatu zuten, zentroetan «aukera» dagoenean.

Salaketa jarri duten sindikatuen ustez, «irregulartasun larriak» izan ziren 2018-2019ko ikasturteko matrikulazioan. Hain justu, 2018 hasieran onetsi zuen Hezkuntza Sailak ikasleen onarpenari buruzko dekretua; bertan ezarritako irizpideen arabera eginiko plangintzan, 3 urteko bi gela eta 50 ikaslerentzako tokia jarri zituzten Jakintza ikastolan. Lekurik gabe geratu ziren 11 haur, eta sendiek adierazitako bigarren zentroan matrikulatu zituzten hasieran, Lazkaoko ikastolan. Sindikatuen salaketaren arabera, ordea, Hezkuntza Sailak matrikulazioa «aldatu» egin zuen gero: Ordiziako ikastolan jarri zituen, «planifikatu gabeko gela batean», bi teknikarik lau txostenetan aurkako iritzia eman arren.

Baimena, baina itunik gabe

Ikastolen Elkarteak bat egin du Ordiziako Jakintza ikastolak emandako azalpenekin: 3 urteko umeen hiru ikasgela zabaltzeko eta 75 haur jasotzeko baimena bazuen zentroak, nahiz eta planifikatu gabeko gela itunetik kanpo egon. «Gela horren finantzaketa gurasoen eta langileen esku geratu zen». Aurtengo ikasturterako bai, gela horretarako finantzaketa eskatu du ikastolak, eta Jaurlaritzak onartu egin dio eskaera, behin-behinean.

Segregazioarekin lotu dute sindikatuek auzia, eta «desorekak areagotzen dituzten neurriak bultzatzea» egotzi diote Cristina Uriarteren sailari, baina Ikastolen Elkartea ez dago ados. 11 haurrak Jakintzan sartzeko erabakia babestu du: «Ordiziako ikastolan eskolatzeko aukera izanda, frogatu den moduan, familia horiek beste herri bateko ikastola batera joan behar dute, sindikatuek aldarrikatzen duten moduan? Zer dela eta? Hamaika familia horiek ez dute askatasunik, aukera egonda, nahi duten ikastetxea aukeratzeko, adin bereko seme-alabak dituzten beste hainbat familia ordiziarrek bezala? Ordiziako eskola publikoa kaltetua izan da? Gelaren bat galdu du?».

Hiru sindikatuei leporatu diete sare publikoa lehenetsi nahi izatea matrikulazioan, «eta gainerako ikastetxeak aukera subsidiario bat izatea». Ildo horretan, ikastolek ohartarazi dute jaiotza tasa jaisten ari dela, eta hainbat gela eta ikastetxe «desagertzeko arriskuan» egon daitezkeela. «Egoera horri aurre egiteko zenbait aukera daude. Bat da gerra ireki bat hastea hezkuntza eragileen artean, sare baten lehentasun osoa aldarrikatuz, desagertzeko arriskua beste sareetako ikastetxeetan kokatuz... Beste aukera bat da hezkuntza eragileek neurri adostuak proposatzea; esate baterako, ratioen jaitsiera». Segregazioaren auzian ere «irtenbide integralak adostera» deitu dituzte eragileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.