Koronabirusa

Astebetean %37 jaitsi dira positibo berriak Hegoaldean

Beste 463 kasu atzeman dituzte, eta %4,4 da positibo tasa. Urkulluk dio atzeratu behar izan diren ebakuntzak «aurki» berreskuratuko direla

Jendea, maskara jantzita, Bilboko kaleetan paseatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetako daturik apalenak eman dituzte herenegun egindako proba diagnostikoek Hego Euskal Herrian: 463 positibo, guztira. Positibo berriak 500eko langatik jaitsi dira, martxoaren 20tik lehen aldiz, eta, duela astebeteko kutsatzeekin alderatuta, %37 egin dute behera kasu berriek—744 positibo detektatu ziren maiatzaren 6an—. Hala, arintzea erakusten dute transmisioari buruzko datuek. Zehazki, Osakidetzak eta Osasunbideak 10.405 proba egin zituzten herenegun, eta, beraz,%4,4da positiboen ehunekoa. OME Osasunaren Munduko Erakundeak izurria kontrolpean jartzen hasteko gehienezko mugarritzat ezarria duen tasatik behera kokatua dago indize hori, beraz.

Hego Euskal Herriko lurraldeak banan-banan aztertuta, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien, beste behin: 245. Gipuzkoan 111 detektatu zituzten; Nafarroan, 70, eta Araban, 32. Transmisioaren mantsotzea ere agerikoa da lau herrialdeetan. Bereziki deigarria da Gipuzkoan transmisioan gertatzen ari den apaltzea:duela aste pare bat, 750eko intzidentzia tasatik gertu zegoen, eta, orain, 396an dago.

Ospitaleetan ere hasi da nabaritzen beheranzko joera, nahiz eta egoera larria izan oraindik ere. Osakidetzak eta Osasunbideak adierazi dute COVID-19 gaitza duten beste 48 gaixo ospitaleratu zituztela ostegunean COVID-19aren sintomak larriagoturik, aurreko egunean baino 14 gutxiago. Horiek aintzat hartuta, oraintxe bertan guztira 546 lagun daude erietxeratuta. Horietako 169 ZIUetan daude; bezperan baino sei gutxiago dira.

Osasun egoerari buruzko irakurketa baikorra egin zuten atzo agintariek. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu zuen azken astean %40 apaldu direla positibo berriak, eta ospitaleetan arindu egin dela presioa. Antzera mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere: esan zuen aste honetan datuek «nabarmen» egin dutela hobera, tasaren beheranzko joera «sendoa» dela, eta «itxaropentsu egoteko arrazoiak» badirela. Haren ustez, datozen asteok erabakigarriak izango dira tasa metatua apaltzeko. Ziurtatu zuen ZIUetako okupazioak behera egiten jarraitzen badu, «aurki» berreskuratu ahalko direla bertan behera utzitako ohiko ebakuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.