Koronabirusa

Hego Euskal Herriko biztanleen %35ek osatua dute txertaketa pauta

Osakidetza datorren astean hasiko da 40 urtetik beherakoak txertatzen. Hegoaldeko herritarrak Iparraldean txertatzeko irizpideak lauso dira

Zenbait herritar Iruñeko txertaketa gunean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegian. JESUS DIGES / EFE.
Uxue Rey Gorraiz Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Birusari kontra egiteko ahaleginean, txertaketara bideratua segitzen du Euskal Herriko osasun sistemen indarren parte handi batek. Apurka, ari da bidean aitzina egiten, eta, ehunekoei so, Hegoaldean bada datu aipagarririk: Espainiako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, Hegoaldeko biztanleen %35ek osatua dute pauta; 999.649k. Halaber, orain arte 1.509.587 pertsonak hartu dute dosiren bat; herritarren %53 dira.

Kanpaina hasi zenetik egin gisan, batik bat adin irizpideari eutsita ari dira ziztak jartzen, txandaka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, txertaketa beste adin talde bati zabalduko zaiola iragarri du berriki Eusko Jaurlaritzak: 40 urtetik beherakoei. Datorren astean hasiko dira horiek txertatzen, eta dagoeneko eska daiteke ordua. Egun, 40 eta 49 urte bitartekoen fasean da Osakidetza. Nafarroan, jadanik hasi dira 40 urtetik beherakoak ziztatzen.

Halaber, asteak dira Iparraldeak Hegoaldeari aurrea hartua diola, eta, hain justu, zenbait hedabidek adierazi dute Hegoaldeko zenbait biztanle Iparraldera eta Frantziara joan direla txertoa hartzera. Ordea, azken egunean dudak eta mezu kontrajarriak izan dira irizpideen gainean. Capbretongo (Frantzia) txertaketa guneko langile batekin hitz egin du BERRIAk —ez du izenik eman—, eta azaldu du ordu gutxian aldatu dela «nazionalitate espainola dutenak» txertatzeko irizpidea. Astelehenean, Landetako Prefeturak erran zuen ez zegoela baimenik horiek txertatzeko. Gutxi iraun du aginduak: atzo arratsalderako, kendua zuten irizpidea, eta berriro ere ekin ahal izan diote Hegoaldeko biztanleak ziztatzeari. Langileak erran du «nahasmena» dagoela, eta «datozen aginduei etengabe egokitzen» ari direla, aldaketek antolaketa «zailtzen» duten arren. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Eskualdeko Osasun Agentziak zehaztu dute Frantziako osasun sistemaren menpeko diren herritarrak bakarrik txerta daitezkeela. Oraingoz, ez dute irizpide hori aldatu Ipar Euskal Herriko txertaketa guneetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.