Zordun handien zorra %20 handitu da urtebetean, 868 milioi euroraino

Diru horren zatirik handiena jasotzeko itxaropen gutxi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, porrot egindako eraikuntza enpresak baitira zordun nagusiak

Iker Aranburu.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Urtetik urtera gizentzen ari da ogasunarekin zor handiak dituztenen zerrenda. 2017ko abenduaren 31n, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunei milioi bat eurotik gora zor zietenak 270 zergapeko ziren, urtebete lehenago baino hamar gehiago. Eta handitzen ari da zordun handi horiek zor duten dirua ere, gehien-gehiena dagoeneko porrot egin duten enpresak baitira, eta ez daude, beraz, zorrak kitatzeko moduan. Are gehiago, interesak direla eta, urtetik urtera gehiago zor dute. Higiezinen burbuilari lotutakoak haietako asko daude zerrendetan (Iurbenor, Urvasco...), baina baita industrialak ere (Fagor, Ramon Vizcaino, Ros Casares...).

Azken egunera arte itxoin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek zordun handien zerrenda argitaratzeko, foru arauek baitiote ekainaren 30a baino lehen egin behar dela. 2016ko irailean egin zuten lehen aldiz: orduko hartan 237 zordun zeuden, 664 milioiren zorrarekin. Zerrenda hiru hilabetez egongo da ikusgai, ogasunen atari digitaletan.

Azken zerrendan bi izen nabarmentzen dira: Jose Ramon eta Juan Miguel Osinalde Etxaniz anaiena. Etxe sustapenarekin lotutako bi anaia horiek dira Hego Euskal Herriko zordun partikular handienak, ia 50 milioiren zorra baitute haietako bakoitzak Gipuzkoako Ogasunarekin. Osinalde anaiak berriak dira zerrendan, eta haiei dagokie 2016tik 2017ra zorra %20 handitu izanaren arduraren bi heren. Guztira, 721 milioitik 868 milioira handitu da zordun handiek ordaindu gabe dutena, 147 milioi gehiago.

Gipuzkoako zerrendan indarrez sartu da LH Commoditi- es&Investments (23 milioi) eta laugarren lekura jaitsi da orain arteko zerrendaburua, Fagor Etxetresnak (15,9 milioi). Haren porrotarekin lotuta dago Edesa kooperatibarena ere: 10,2 milioi zor dizkio Bizkaiko Ogasunari.

Fernandezen enpresak

Porrot egindako beste enpresa bat da Bizkaiko zordun handiena:Iurbenor (52,3 milioi). Kopuru hori 65 milioira igotzen da, Jabyer Fernandez enpresaburuarenbeste enpresena batuz gero (Fonorte, Residere...). Fernandez hiru urteko espetxe zigorra betetzear dago, Iurbenorren porrota nahita eragin zuelako. Ogasunari iruzur egiteaz errugabetu egin zuten, ordea.

Araban, 40tik 42ra handitu da zerrenda. BM&Alesio Investments atera da, eta sartu, berriz, Fundicion Kormi (1,1 milioi), Almacenes Zaragoza (1,5 milioi) eta Eguren Vitoria (9,2 milioi). Azken hori, Gasteizko material elektrikoen enpresa bat, Arabako zordunik handienetan hirugarren bilakatu da. Aurretik ditu Urco & Urbasa (10,7 milioi) eta Ros Casares taldea (33,1 milioi).

125.000 eurotik gorako zorra dutenen zerrenda kaleratu zuen maiatzean Nafarroako Ogasunak. 580 zergapeko ditu, eta 270 milioiren zorra dute. Zerrendako izen ezagunen artean bi nabarmentzen dira: Gabriel Urralburu Nafarroako presidente ohia, eta Ana Beltran Nafarroako PPko presidentearen familiaren Bodegas Camillo Castilla upeltegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.