Poliziek 449 migratzaile kanporatu dituzte Irun eta Hendaia arteko mugatik

2017an, Frantziak 391 migratzaile atzeman zituen mugan, eta Espainiak, 58. Legez kanpokoak dira mugan bertan egindako kanporatzeak
Frantziako Poliziaren eta militarren kontrola, Irun eta Biriatu arteko mugan, iazko maiatzean.
Frantziako Poliziaren eta militarren kontrola, Irun eta Biriatu arteko mugan, iazko maiatzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ibai Maruri Bilbao -

2018ko uztailak 13
Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean 449 migratzaile atxiki eta kanporatu zituen iaz Poliziak: 391 Frantziako Poliziak atxiki zituen, eta 58 Espainiakoak. Mugan bertan egindako kanporaketak izan ziren; hau da, ez zuten epaiketarik izan, eta ez zuten helegiterik jartzeko aukerarik eduki. Migratzaileak Hego Euskal Herrira sartu osteko lehen lau orduetan tramitatu ziren kanporatze aginduak. Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak eskatuta, Espainiako Gobernuak ezagutarazi ditu datuak.

Iñarrituk salatu du kanporaketa horiek legearen aurkakoak direla. Malagako Itunaren babespean egiten dituzte bi estatuek; 2002an izenpetu zuten Espainiako eta Frantziako gobernuek, horrelako kanporaketak egin ahal izateko. «Kanporatuei ez zaie inolako babes juridikorik ematen. Kezkagarria deritzogu», ohartarazi du senatariak. Era berean, kezka agertu du errealitatea «are gordinagoa» izan daitekeen susmoa duelako: «Baliteke Espainiako Gobernuak emandako datuak erabatekoak ez izatea. Ez dute adierazten kanporatzeen errealitate osoa». Bi estatuen arteko muga osoan, Hego Euskal Herrian, Aragoin eta Katalunian, osotara 3.000 kanporatze inguru egin zituzten iaz.

«Susmoa dugu kasu gehiago daudelako, hau da, Irundik datuek diotena baino migratzaile gehiago atxiki eta kanporatzen dituztela. Presazko neurriak hartu beharko lirateke», ohartarazi du Iñarrituk. Izan ere, azken urteetan migratzaile kopurua erruz hazi den arren, mugan egindako kanporatzeen datu ofizialek aurkako joera erakutsi dute. Iñarrituk aurretik ere egin du gai horri buruzko galdera Espainiako Senatuan. 2016an galdetu zuen, eta 2017an jaso zuen erantzuna: 2012tik 2015era 5.700 migratzaile kanporatu ziren Irun eta Hendaia arteko mugatik; estatu bien arteko muga osoan, 20.000 inguru izan ziren.

Espainiak epaia beteko du

Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak Espainiako Auzitegi Gorenak asilo eskaeren inguruan emandako epaia betetzeko borondatea agertu du. Gorenak Espainia zigortu du asilo eskaerak ez bideratzeagatik. Izan ere, 2015eko errefuxiatuen krisiaren ostean Europako Batasunean estatu bakoitzak egin beharreko asilo tramitazioak adostu zituzten, eta Espainiak soilik %12,85 egin ditu. Marlaskaren esanetan, asilo eskaerak bideratzea «lehentasuna» da Espainiako Gobernuarentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna