Nafarroako Gobernuak martxan jarri ditu sailetako euskara planak

Arauak 2021era arte egonen dira indarrean. Ostiral honetan hastekoa da euskarazko lanpostuak zehazteko prozesua, sindikatuen mahaian
Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko burua, artxiboko irudi batean.
Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko burua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU

Ion Orzaiz -

2019ko otsailak 14
Euskara administrazioan arautzeko foru dekretuari segida eman dio Nafarroako Gobernuak. 2017. urtean onartutako dekretu horretan, administrazioak urtebeteko epea eman zion bere buruari, departamentu bakoitzak hizkuntza plan propioa egin zezan, egungo gabeziak detektatu eta —Euskararen Legeak ezarritako mugen barruan— zerbitzu elebiduna zabaltze aldera. Iragan urrian amaitu zen epea, eta orain aurkeztu dituzte departamentuetako planak.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentua izan da plangintza onartzen lehena —atzo aurkeztu zuten—, eta «datozen asteetan» etorriko dira gainerakoak. Euskarabidea institutuko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, hil honetan bertan onartu nahi dituzte hizkuntza plan guztiak. Hiru urteko iraupena izanen dute: 2019tik 2021era.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok azaldu duenez, administrazioko lanpostuen %0,9 besterik ez dute euskara eskakizun gisa ezarrita: «Horrek ezinezko egiten du herritarrei zerbitzu egokia ematea, eta egoera bideratzeko xedez onartu genuen dekretua. Departamentuetako planek, hainbat neurri jasoko dituzte, helburu hori betetzen hasteko». Besteak beste, «lehentasunezko unitateetan» euskara bermatzeko beharra aipatzen du onartu duten lehen plangintzak: lehentasunezko unitate horiek dira telefonoguneak, harrerak, erregistro bulegoak eta, oro har, herritarrei arreta zuzena eskaintzen dieten zerbitzuak.

Horretarako, «ele biko lanpostuak» zehaztu beharko ditu gobernuak eta, beharren arabera, egungo langile elebidunak arreta guneetan jarri edota euskarazko lanpostu gehiago sortu. Aukera hori ere mahai gainean dago dagoeneko.

Heldu den ostiralean batzartuko da funtzio publikoko mahai sindikala, eta bertan, proposamen bat helaraziko die Nafarroako Gobernuak sindikatuei. Orduan hasiko da egungo lantaldea berritzeari eta euskarazko lanpostuak ezartzeari buruzko negoziazioa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna