Nafarroako adingabeen zentro batzuetan izandako erasoak salatu ditu LABek

Pribatizazioak langileei eta erabiltzaileei zuzenean eragiten diela azpimarratu du sindikatuak, eta zerbitzuak publiko bihurtzeko eskatu du

LAB sindikatuaren elkarretaratzea, atzo goizean, Eskubide Sozialen Departamentuan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
LAB sindikatuak Nafarroako adingabeen zentro batzuetako langileek jasandako erasoak salatu zituen atzo, Eskubide Sozialen Departamentuak Iruñean duen egoitzan egindako elkarretaratze batean. Nafarroako Gobernuak adingabeen zentroak pribatizatu eta azpikontratatu izanaren ondorio direla nabarmendu zuen LABek. Azpimarratu zuen horrek zuzenean eragiten diela langileen eta erabiltzaileen eskubideei, eta, horri aurre egiteko, funtsezko gizarte zerbitzuak publiko bihurtzeko eskatu zuen sindikatuak.

Gertakariak «larriak» izan zirela salatu zuten NafarroakoLABeko kideek. Hainbat eraso aipatu zituzten: bi langile eskaileretan behera bota zituztela ia, gela batean sute bat egon zela, adingabeen artean liskarrak izan zirela «tresna ebakitzaileekin», eta segurtasun langileen aurkako eraso bat ere izan zela. Horren ondorioz, bi langile zauritu zituzten: batek orkatila, tibia eta peronea hautsi zituen, eta besteak arnasa hartzeko zailtasunak izan zituen.

Sindikatuak dio ez direla eraso bakanak; are, prekarizazioak eta pribatizazioak eragindako kalteen «izozmendiaren tontorra» direla adierazi du Oihan Ataun esku hartze sozialeko arduradunak. Hala ere, arreta erasoetan jarri ordez, prekarizazioan eta pribatizazioan jarri behar dela azpimarratu du.

Horrek erabiltzaileei eta langileei hainbat modutan eragiten diela azaldu du: «Langileek ezin diete erabiltzaileei behar duten kalitatezko eta beharrezko arreta eman, nahiz eta ahal duten onena egin». Arreta falta lan baldintza «txarren» ondorio dela diote, hala nola soldata txikiak, «hierarkia autoritarioak», aldi baterako «kontratazio ilegalak» etalan arrisku eta neurri zuzentzaileen prebentzio falta. «Baliabide faltaren ondorioz, adingabe asko saihestu zitezkeen egoeretara iristen dira».

Eskaria eta eskaintza

Nafarroako Gobernuari zerbitzuok «berehala publiko bihurtzeko» eskatu dio Ataunek, eta kontrol publikoaren falta «oso larria» dela nabarmendu: «Arazoa errotik eten behar da». Zerbitzu horiez arduratzen diren enpresek gobernuari informazioa «ezkutatzen» diotela ere salatu du LABek, eta mahai gainean jarri du azpikontratatzeko aukera debekatzea. Hortaz, egoera horren aurrean, neurriak hartzeko exijitu diote gobernuari, eta, besteak beste, publifikatze prozesuan enpresak kontrolatzeko mekanismoak martxan jartzea.

Nafarroako Gobernuko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, aurretik pribatizaturiko zerbitzuak publifikatzen ari dira, eta erasoak «ez dira ohikoak». Horrez gain, prozesu horren bi adibide eman ditu: alde batetik, Gizain fundazioaren kudeaketari esker, Gazte Justiziako Eguneko Zentroa sortu dutela. Bestalde, fundazio horren bidez harrerako orientazio zentro bat publiko bihurtzeko prozesuan daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.