47 urteko zigorra ezarri diote gizon bati, bi andrazko hiltzeagatik

Arabako Probintzia Auzitegiko epaileak ebatzi duenez, gizonak bere emaztea eta amaginarreba hil zituen «ankerkeria» erabilita

2018. urtean bi emakumeen hilketa salatzeko egindako elkarretaratzea. JUANAN RUIZ / FOKU.
Edurne Begiristain.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Herri epaimahaiak joan den astean jakinarazi zuen 2018an Gasteizen bere emaztea eta amaginarreba hiltzeaz akusatutako gizonaren kontrako epaia. Hilketa egotzi zioten, ankerkeria eta maltzurkeria larrigarriekin. Gaur, Elena Cabero Arabako Probintzia Auzitegiko epaileak 47 urteko espetxe zigorra ezarri dio gizonari bi hilketengatik.

2018. urtean hil zituen gizonak bi emakumeak. Hilabete batzuk lehenago banatu ziren gizona eta 43 urteko emakumea, eta, defentsak azaldu duenez, gizonak ez zuen «bikote harremana haustea» onartu. Aizto batzuekin joan zen akusatua bikotekide ohiaren etxera, eta eraso egin zion. Emakumearen 69 urteko ama ere bertan zegoen momentu horretan, eta biak hil zituen gizonak.

Horren ondoren, eta polizia bere bila zetorrela ikusita, emakumearen etxean bere burua itxi zuen gizonak, eta, ihesbiderik ez zeukala ikusi zuenean, leihotik salto egin zuen, poliziak azpian jarritako lastaira batera.

Epaileak ebatzi du «ankerkeria» erabilita hil zituela emaztea eta amaginarreba, eta generoa eta senidetasuna astungarri gisa hartu ditu. Hala, emaztea hiltzeagatik 24 urteko espetxe zigorra ezarri dio, eta amaginarreba hiltzeagatik, 23 urtekoa. Bien kasuan «ankerkeria fisikoa» erabili zuela adierazi du epaileak sententzian, eta generoa eta senidetasuna astungarri gisa hartu ditu. Amaginarrebaren kasuan, gainera, «ankerkeria morala» ere erabili zuela ebatzi du.

Joan den astean epaimahaiak kaleratutako ebazpenean ez zuen aintzat hartu defentsaren eskaria, zeinak eskatzen baitzuen epaian kontuan har zedila gizonak buru nahasmendua zuela. Ez zuten halakorik ondorioztatu. Epaimahaiak ebatzi zuen gizonak «genero arrazoiengatik» hil zituela bi emakumeak, eta bi andrazkoetako baten kasuan, bere emaztearenean, senidetasuna ere aintzat hartu dutela.

Fiskaltzak 50 urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, ahaidetasun, genero eta ankerkeria astungarriekin egindako bi hilketengatik. Biktimen familia ordezkatzen duen akusazio partikularrak, berriz, 55 urte eskatu zituen, eta Clara Campoamor elkarteak, herri akusazio gisa, 60 urte.

Akusatuak epaiketan adierazi zuen «burua galdu» zuela, eta horren argudiotzat jarri zuen «egoera depresiboa» pairatzen ari zela. Herenegun, barkamena eskatu zien bere bi semeei.

Beste eraso bat Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuen astelehenean Lakuabizkarra auzoan, bikotekide ohiari aizto batekin mehatxu egiteagatik. Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ustezko erasotzailearen bikotekide ohiak salatu zuen eztabaida batean aizto batekin mehatxu egin ziola, Lakuabizkarra auzoko etxebizitza batean. Jazoeren ostean, gizonezkoak etxetik alde egin zuen, baina udaltzainek etxe inguruan topatu eta atxilotu egin zuten. Arma zuriarekin mehatxu delitua egitea egotzi diote.

CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak aste honetan aurkeztu duen txostenean ageri denez, indarkeria matxistaren biktimei babesa emateko eskabideen %39,12 atzera bota zituzten iaz Hego Euskal Herriko epaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.