Mediku egoiliarrentzako 30 leku gehiago izango dituzte Osakidetzan

Familiako medikuen bokazioak sustatzeko, ikasgela berezi bat sortuko dute. Galdakaoko ospitalea EHUren trebakuntza sarean sartuko dute

Darpon eta Balluerka, atzoko agerraldian. JUNE PRIETO / FOKU.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
2019ko BAME barneko mediku egoiliarren azterketa deialdirako 30 toki gehiago izango dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala jakinarazi zuen atzo Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Agerraldia egin zuen Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearekin batera, Jaurlaritzak eta EHUk sinatu duten hitzarmen baten berri emateko: Medikuntza graduko ikasketetan lehen arretako eta familiako medikuntzako alorrak sendotzeko, esparru horien inguruko ikasgela berri bat sortuko dute Galdakao-Usansoloko ospitalean (Bizkaia).

Gaur egun 370 leku daude Osakidetzan mediku egoiliarrentzat, eta beste 30 gehituko zaizkie datorren urtean. Hala ere, Darponek adierazi du 30 toki horiek oraindik ziurtatu gabe daudela baina horretan lan egingo dutela. Hain justu, BAMEko tokien hazkundea «helburutzat» hartu du, hutsune bat zuzenduko duelako. Izan ere, mediku egoiliarren azterketako tokiak Medikuntza gradukoak baino gutxiago dira. «Espainiako eta EAEko osasun sistemen akats bat da, eta lan merkaturako ateak ixten dizkie Medikuntzako sei ikasturteak gainditu dituzten ikasleei», azaldu du.

Sailburuak aditzera eman zuenez, leku berriek medikuntzako alor guztietarako balioko dute, baina bereziki familiako medikuntzara eta pediatriara bideratu nahi dituzte. Izan ere, bi arlo horien inguruko kezka zabaldu da azkenaldian, ez baitago behar adina belaunaldi berririk.

Hain zuzen, egoera hori zuzentzeko xedea du EHUk eta Jaurlaritzak sinatutako hitzarmenak: Galdakaoko ospitalean Familia eta Komunitateko Medikuntzako Ikasgela bat sortuko dute. «Lehen Arretako esparrua indartzea da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren helburu estrategiko nagusietako bat», esan du Darponek. «Esparru horretan bokazio profesional berriak sustatu nahi ditugu», erantsi du Balluerkak.

Galdakao, EHUren sarera

Era berean, Balluerkak eta Darponek jakinarazi dute Galdakaoko ospitalea EHUren prestakuntza sarean sartuko dela. Egun EHUko ikasleei medikuntzako trebakuntza ematen diete Basurtu eta Gurutzetako erietxeetan (Bizkaia), Txagorritxun (Gasteiz) eta Donostiako ospitalean. Oraindik ez dakite zehazki noiz hasiko diren klase teorikoak zein praktikoak Galdakaon, baina 30 bat ikasle hartuko dituela aurreikusi dute.

Balluerka errektorearen esanetan, Galdakaon medikuntza ikasleak hartzeak bi faktoreri eragingo die: batetik, «ospitaleetako irakaskuntza sarea handitzeari», eta, bestetik, medikuntza ikasketak euskalduntzeari. Izan ere, erietxe horretan euskaraz irakasteko gai diren mediku eta paziente euskaldun ugari daudela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.