VWek akordioa itxi du UGT eta CCOOrekin zortzi eguneko erregulaziorako

Alemaniako autogileak osagarria ordainduko die Landabengo langileei itxierak iraun artean. Itxierak ez du eraginik izango helduenen erretiroetan

Langileak Volkswagenen Landabengo lantegian, artxiboko irudian. VILLAR LOPEZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Volkswagenen Landabengo lantegian (Nafarroa) akordioa itxi zuten atzo zuzendaritzak eta UGT eta CCOO sindikatuek. Zuzendaritzak hilaren 20an iragarri zuen lantegia itxi egingo duela zortzi egunez, irailaren 3tik 12ra bitartean, produkzio arrazoiak argudiatuta. Sindikatuak aldi baterako lan erregulazioaren kontra agertu ziren hasieratik, baina zuzendaritzak UGT eta CCOOrekin negoziatu du —gehiengoa daukate langile batzordean—, eta onartu du lanik gabeko zortzi egun horietan osagarri bat ordaintzea lantegiko langileei.

ELA eta LAB, aldiz, ez datoz bat akordioarekin. ELArentzat «oso arriskutsua» da enpresa astebetez ixtea, eta, iragarri duenez, Lan Ikuskaritzara jotzea aztertzen ari da. Sindikatuaren ustez, Alemaniako autogileak langileen eta diru publikoaren bizkar eutsi nahi die irabaziei.

LABek ere kritikatu du UGTk eta CCOOk zuzendaritzarekin adostutako ituna, eta gaur prentsaurrekoan azalduko du nola eragingo dien zortzi eguneko erregulazioak Landabengo lantegiarentzat lan egiten duten azpikontratatutako enpresei. LABek industria laguntzailean jarri du fokua bereziki; izan ere, VWek zuzeneko 4.800 langile dauzka Landabengo lantegian, baina inguruan beste 8.200 inguru langile bizi dira lantegiaren jardunari lotuta, harentzako lanak egiten. Kontua zera da: UGTk eta CCOOk sinatutako itunaren arabera, soilik lantegiko beharginek kobratuko dituzte zortzi eguneko geldialdiari dagozkion osagarriak.

Itxierak iraun bitartean, Volkswageneko beharginek langabezia saria kobratuko dute, eta enpresak osagarri bat ordainduko die,soldataren maila berera ailegatzeko. Soldaten taulako osagarri finkoak %100ean ordainduko ditu, eta ez du eraginik izango soldata estren kalkuluan. Gainera, itxierak ez du eraginik izango langile helduenen erretiroan, ezta aldi baterako langileen kontratuetan ere. Halaber, etorkizunean hornikuntza arazo gehiago baleude eta egoera bera errepikatuko balitz, enpresak bere gain hartuko lituzke kostuak.

«Lor zitekeen itunik onena lortu dugu, eta lantaldeari ahalik eta bermerik handienak eskaintzen dizkiogu», azaldu du Alfredo Moralesek, langile batzordeko presidente eta UGTko kideak.

Eskari zorroa

Moralesek gaineratu du baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, nahiz eta aitortu gorabehera handiak ari direla gertatzen sektorean, «batez ere motorren homologazioari dagokionez». Edonola ere, nabarmendu du ziurgabetasunak ziurgabetasun eskari ugari dituztela, 50.000 bezerotik gora, eta horrek lasaitzen duela.

Zuzendaritzak ere «aurreikuspen onak» ditu datozen hilabeteetarako, «Poloaren seigarren modeloaren harrera onagatik eta T-Cross modelo berriagatik». Halere, produkzio arrazoiak argudiatu ditu zortzi eguneko geldialdia justifikatzeko: dieselaren kontrako neurrien ondorioz, asko igo da gasolinazko autoen eskaria, eta gasolina motorrak falta zaizkie Landabenen. LABek uste du hori aurreikusteko modukoa zela, eta antolakuntzako huts larriei egotzi die errua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.