ELAk baztertu egin du Jaurlaritzaren elkarrizketa sozialerako proposamena

Sindikatuen ordezkaritza aintzat ez hartzea salatu du sindikatuak. Adolfo Muñozek esan du zirriborroa «antidemokratikoa» dela

Amaia Aierbe, Adolfo Muñoz eta Mikel Noval, atzo, ELAren Bilboko egoitza nagusian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Munduan kontserbadoreen iraultza bat gertatzen ari da. Hala azaldu zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak atzo, Joaquin Estefania kazetaria aipatuz. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan iraultza hori Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duela adierazi zuen sindikatuko ordezkariak:«Iraultza kontserbadore hori bultzatzen dutenek oztopoak jartzen dizkiete euren joko arauak onartzen ez dituztenei». Eta ELArekin berdin jokatzen ari direla salatu zuen.

Hori esateko justifikazioa Jaurlaritzak elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko egindako proposamenean topatu zuen sindikatuak. Uztailaren 23an jaso zuten elkarrizketa soziala bideratzeko zirriborroa, eta Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak azaldu zuen dokumentua «antidemokratikoa» dela. Zehaztu zuenez, «hasteko eta behin zeri buruz hitz egin behar den mugatzen du proposamenak». Izan ere, zerga politikei buruz eta aurrekontu legeei buruz ez litzateke mahai horretan eztabaidatuko: «Ukatu egiten digute oinarrizko eztabaida».

Baina antidemokratikoa dela esateko bestelako arrazoi bat erabili dute sindikatuan. «Testua oso lausoa da, eta ez du zehazten sindikatu bakoitzak izan behar duen ordezkari kopurua; ez dago borondaterik sindikatuen ordezkaritza bermatzeko. Berdin du %10eko edo %40ko ordezkaritza izatea», Novalen arabera. Hau da, sindikatu denek ordezkaritza kopuru bera izatea «borrokalariak diren sindikatuen aurka» hartutako neurria dela uste dute.

Gainera, erabakiak hartzeko garaian, zirriborroaren arabera, elkarrizketa mahaiak aho batez hartu beharko lituzke; hala ere, salbuespenak ere ezartzen ditu, hori horrela ez den kasuetan eztabaidetan aurrera egiteko. Sindikatu edo patronalaren ordezkarietako baten sinadura nahikoa litzateke kasu horietan, «baina ez dute zehazten salbuespenezko aukera hori zein egoeratan aplikatu beharko litzatekeen». Kasu horretan, beraz, «nahikoa litzateke sindikatu bakarraren babesa patronalaren eta Jaurlaritzaren edozein akordiok aurrera egiteko», eta horregatik esan zuen Muñozek proposamena ez dela demokratikoa.

Jaurlaritzak egindako elkarrizketa sozialerako proposamena, beraz, euren aurkako erasotzat hartu du ELAk. Muñozen arabera, «proposamena idazten hasi baino lehen, ziurrenik, pentsatua edukiko zuten ELA baztertzeko moduko zirriborro bat egitea». Gogorarazi zuen oinarrizkoa dela demokraziaren joko arauak errespetatzea. «Jaurlaritzak ez dauka inongo arazorik euskal langileek hauteskunde bidez aukeratutako sindikatu nagusia baztertzeko».

Arrazoi horiengatik proposamena baztertu, eta elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko zirriborroa «erabaki neoliberalak makillatzeko tresna» gisa definitu zuen sindikatuak. Funtsean, azken urteetan errepikatzen ari diren ideia nabarmendu zuen beste behin ere Muñozek: «Elkarrizketa soziala defendatzen duten eragileek ezin dute mahai horretan adostu duten akordio bat bera ere aipatu, ez dutelako ezer lortu». Horregatik, adierazi zuen bide horretatik jarraituta euskal esparru propio bat sortzea «ezinezkoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.