UGT prest dago elkarrizketa sozialera itzultzeko, baina CCOOk ezetzari eusten dio

Lan Sailak eskaini du hiruko mahaian egokitzea Confebaskekin egin zuen enpleguaren ituna, eta sindikatu biak banatu ditu horrek

Loli Garcia eta Raul Arza, eskuinetik hasita lehena eta bigarrena, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Jaurlaritzak aliatu bat lortu du sindikatuen artean Elkarrizketa Sozialerako Mahaia berriro osatzeko. UGT-Euskadik begi onez ikusten du patronalarekin eta gobernuarekin eseritzea berriro, Jaurlaritzak azken orduetan egindako eskaintzaren ondoren. Aspaldian kili-kolo zebilen mahaia eroriarazi zuen enpleguaren itun hori hiruko mahaian bertan «berriro bideratzea» nahikoa iruditu zaio Raul Arza idazkari nagusi duen sindikatuari. Hain zuzen, sindikatuak bazter utzita Lakuak Confebaskekin egindako akordioak bultzatu zituen CCOO eta UGT mahaia uztera; itun hura hautsi ezean ez dela itzuliko garbi utzi du CCOOk maiz, eta oraindik ere ezezkoari eusten dio. Hala, Gasteizko gobernuak lortu du ohiko batasunean aritzen diren sindikatu biak banatzea.

Eta hori guztia Jaurlaritzaren barruan ere desadostasunak azaleratu diren bitartean. Maria Jesus San Jose Lan sailburuak adierazi zuen atzo enpleguaren inguruko ituna izozturik utziko zela sindikatuen ekarpenen zain. Handik ordu gutxira, ordea, Lehendakaritzak argitu zuen ez zutela geldituko patronalarekin egindako ituna. Gauza bat dela itunari ekarpenak egiteko aukera eskaintzea sindikatuei —mahaiko kide gisa—, eta bestea akordioa ez egotea indarrean. Itun hori ez dela hautsi, alegia, hala CCOOk nola UGTk jarri zuten baldintza Elkarrizketa Sozialerako Mahaiara itzultzeko.

Aukera baliatu

UGTk uste du Jaurlaritzak sindikatuei egin dien «keinu positiboa» baliatu egin behar dela. Aldebikotasunean itxia eta plazaratua dagoen itunean «aldaketak egiteko eta gai berriak sartzeko aukera» dagoela azaldu zuen Raul Arzak. Orain dela bi hilabete, «Urkulluk gidatu duen eskaintza pentsaezina zen», UGTko buruaren arabera; «baloratzen dugu; elkarrizketari berriro heltzeko aukera baliatu behar dugu».

Baina Arza urrutirago joan da mahaira itzultzeko beharrak bultzatuta, CCOOren bizkar utzi duelako ardura guztia: «Gaur egun ez dugu kontuan hartzen ere Comisiones Obreras ez egotea hor». Momentuz, oso kontuan hartu beharko dute aukera hori, ordea, CCOOk ez duelako «nahikoa» ikusten Jaurlaritzaren eskaintza. «Ituna baliogabetu egin behar dute», esan zuen Garbiñe Espejo Euskadiko CCOOko Industriako arduradunak.

Hau da, Loli Garcia idazkari nagusi duen sindikatuak eutsi egin dio gaur arte mahaia uztean finkatu zuen posizioari. Kontua da Gasteizko gobernuak haren beharra daukala hauspoaizan dezan mahaiari oinarri instituzional bat emateko labean duen dekretuak, ELA eta LAB erabat aurka baitaude. Izan ere, abertzaleen gehiengo sindikala alboratzeko, soilik UGTk eskain dezakeen zilegitasuna txikia ez, ikusezina izan daiteke. Ez da zaila irudikatzea exekutiboa eta CCOO negoziazio betean daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.