UGT prest dago elkarrizketa sozialera itzultzeko, baina CCOOk ezetzari eusten dio

Lan Sailak eskaini du hiruko mahaian egokitzea Confebaskekin egin zuen enpleguaren ituna, eta sindikatu biak banatu ditu horrek
Loli Garcia eta Raul Arza, eskuinetik hasita lehena eta bigarrena, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian.
Loli Garcia eta Raul Arza, eskuinetik hasita lehena eta bigarrena, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian. JUANAN RUIZ / FOKU

Xabier Martin -

2018ko irailak 14
Jaurlaritzak aliatu bat lortu du sindikatuen artean Elkarrizketa Sozialerako Mahaia berriro osatzeko. UGT-Euskadik begi onez ikusten du patronalarekin eta gobernuarekin eseritzea berriro, Jaurlaritzak azken orduetan egindako eskaintzaren ondoren. Aspaldian kili-kolo zebilen mahaia eroriarazi zuen enpleguaren itun hori hiruko mahaian bertan «berriro bideratzea» nahikoa iruditu zaio Raul Arza idazkari nagusi duen sindikatuari. Hain zuzen, sindikatuak bazter utzita Lakuak Confebaskekin egindako akordioak bultzatu zituen CCOO eta UGT mahaia uztera; itun hura hautsi ezean ez dela itzuliko garbi utzi du CCOOk maiz, eta oraindik ere ezezkoari eusten dio. Hala, Gasteizko gobernuak lortu du ohiko batasunean aritzen diren sindikatu biak banatzea.

Eta hori guztia Jaurlaritzaren barruan ere desadostasunak azaleratu diren bitartean. Maria Jesus San Jose Lan sailburuak adierazi zuen atzo enpleguaren inguruko ituna izozturik utziko zela sindikatuen ekarpenen zain. Handik ordu gutxira, ordea, Lehendakaritzak argitu zuen ez zutela geldituko patronalarekin egindako ituna. Gauza bat dela itunari ekarpenak egiteko aukera eskaintzea sindikatuei —mahaiko kide gisa—, eta bestea akordioa ez egotea indarrean. Itun hori ez dela hautsi, alegia, hala CCOOk nola UGTk jarri zuten baldintza Elkarrizketa Sozialerako Mahaiara itzultzeko.

Aukera baliatu

UGTk uste du Jaurlaritzak sindikatuei egin dien «keinu positiboa» baliatu egin behar dela. Aldebikotasunean itxia eta plazaratua dagoen itunean «aldaketak egiteko eta gai berriak sartzeko aukera» dagoela azaldu zuen Raul Arzak. Orain dela bi hilabete, «Urkulluk gidatu duen eskaintza pentsaezina zen», UGTko buruaren arabera; «baloratzen dugu; elkarrizketari berriro heltzeko aukera baliatu behar dugu».

Baina Arza urrutirago joan da mahaira itzultzeko beharrak bultzatuta, CCOOren bizkar utzi duelako ardura guztia: «Gaur egun ez dugu kontuan hartzen ere Comisiones Obreras ez egotea hor». Momentuz, oso kontuan hartu beharko dute aukera hori, ordea, CCOOk ez duelako «nahikoa» ikusten Jaurlaritzaren eskaintza. «Ituna baliogabetu egin behar dute», esan zuen Garbiñe Espejo Euskadiko CCOOko Industriako arduradunak.

Hau da, Loli Garcia idazkari nagusi duen sindikatuak eutsi egin dio gaur arte mahaia uztean finkatu zuen posizioari. Kontua da Gasteizko gobernuak haren beharra daukala hauspoa izan dezan mahaiari oinarri instituzional bat emateko labean duen dekretuak, ELA eta LAB erabat aurka baitaude. Izan ere, abertzaleen gehiengo sindikala alboratzeko, soilik UGTk eskain dezakeen zilegitasuna txikia ez, ikusezina izan daiteke. Ez da zaila irudikatzea exekutiboa eta CCOO negoziazio betean daudela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna