Kasedako tiroketaren atzean dibortzio bat dago, Foruzaingoaren arabera

Atxilotuek bihar deklaratuko dute epailearen aurrean. Hiru eguneko dolua ezarri dute herrian. Zaintza lanak indartu ditu Foruzaingoak

Foruzainak eta larrialdi zerbitzuetako langileak, astearte gauean, Kasedan. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Aldagai berri bat txertatu du Foruzaingoak, Kasedako (Nafarroa) hilketaren kontakizunean: bikote harreman baten haustura. Foruzaingoko bozeramaileen arabera, hori izan zen bi familiaren arteko liskarra piztu zuena. Iruñean atxilotuta jarraitzen dute tiroketan parte hartu eta hiru pertsona hiltzeaz akusatutako 53 urteko gizonezkoak eta haren bi semeek. Auzitegiko iturrien arabera, bihar goizean deklaratuko dute Agoizko instrukzio epaitegian.

SOS Nafarroa larrialdi zerbitzuek asteartean jaso zuten abisua, 18:53an: Kasedako kale batean «istiluak» piztu zirela eta eztabaidan ari zirenetako batzuek eskopetak zeramatzatela salatu zuten hainbat bizilagunek. Larrialdi zerbitzuek Foruzaingoko zenbait patruila igorri zituzten hara, baita anbulantziak eta helikoptero medikalizatu bat ere. Hiru hilotz topatu zituzten kalearen erdian: Eslabako 50 urteko gizon bat, eta 29 eta 17 urteko haren bi semeak.

Foruzaingoko bozeramaileen arabera, «lekukoek emandako informazioari esker» lortu zuten ustezko erasotzaileak atxilotzea: «Seat Toledo markako auto batean ihes egin zutela jakin genuen. Tafallako komisariako foruzainek antzeman zuten ibilgailua, eta, jazarpen baten ostean, familia bereko hiru gizonezko atxilotu zituzten: aita, 53 urtekoa, eta haren bi semeak».

Krimenaren oinarrian dagoen motibazioari dagokionez, berriz, «senar-emazteen arteko harremanaren haustura» izan zela adierazi du Foruzaingoak. «Banandutako senar-emazteen familiak izan ziren liskarrean parte hartu zutenak». Iturri ofizialen arabera, emakumearen bikotekidea da hildakoetako bat. Atxilotuen kasuan, berriz, ez dago argi hiruretako nork egin zuen tiro.

Bestalde, zaintza lanak indartu egin ditu Foruzaingoak udalerrian. Astearte gauean ezarri zuten antolakuntza berezia, istilu gehiago eragozteko, eta, halakorik gertatu ez den arren, datozen orduetan ere herria patruilatzen ibiliko dira foruzainak.

Udalak hiru eguneko dolua ezarri du, eta zapi beltzak jarri ditu banderetan. Jesus Esparza alkateak elkartasuna adierazi die hildakoen senideei, eta eskertu egin die gertakarien ostean izandako jarrera: «Herri guztia dago atsekabetuta, baina horren baitan, nabarmentzekoa da lasaitasuna dela nagusi». Zangozako Sierra de Leire institutuan, bestalde, minutu bateko isilaldia egin zuten atzo, hildako adingabearen omenez. Auziaz hitz egin du Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak ere. Gisa horretako gertakariek «herritarrak larritu» egiten dituztela esan du, eta lasaitasuna eskatu du.

Atxilotu bat Hernialden

Ertzaintzak 75 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Anoeta eta Hernialde artean (Gipuzkoa) eskopeta batekin bi tiro egiteagatik. Basoan argiak ikusita joan ziren ertzainak ingurura, eta tiro hotsak entzun zituzten. Atxilotuak azaldu zuenez, marihuana sail bat dago inguruan, eta norbait hura lapurtzeko ahaleginean ari zela iruditu zitzaiolako egin zuen tiro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.