Bizkaiko pentsio osagarria sortzeko, zerga kenkariak eskatu dituzte enpresariek

Cebeken inkesta baten arabera, Bizkaiko enpresarien %62 aukera horren alde leudeke. Lurraldeko ekonomia %2,3 haziko da aurten
Iñaki Garcinuño, eskuinetik bigarrena, atzo, Cebekeko arduradunez inguratuta.
Iñaki Garcinuño, eskuinetik bigarrena, atzo, Cebekeko arduradunez inguratuta. LUIS TEJIDO / EFE

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urtarrilak 23
Iazko udan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak proposamena jarri zuen mahai gainean: lurraldeko langileentzako BGAE bat sortzea; hau da, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat, pentsio osagarrietarako. Bada, Cebekek enpresarien artean egindako inkesta batean aukera horri buruz galdetu die patronalak, eta %62 aukera hori onartzeko prest leudeke, eta gainerako %38k erabat baztertu dute langileentzako pentsio osagarria enpresarien bizkar osatzea. Lurraldeko 599 enpresariri egindako galdeketan BGAEan ekarpena egitearen alde azaldu direnek, ordea, baldintzak jarri dituzte: ekarpen hori egitearen truke zerga kenkariak eskatu dituzte. «Edozein modutan, oraindik ez dago proposamenik mahai gainean, eta eztabaida goiztiarra dela iruditzen zait», esan zuen Iñaki Garcinuño patronaleko presidenteak.

Goiz izan arren, enpresarien iritzia garbi utzi zuen Cebekeko buruak. Argi utzi zuen, era berean, pentsioen arazoa «ez dutela enpresek konpondu behar». Eta areago ere esan zuen: «Itunak negoziatzeko mahaietan ez da eskaera hori planteatu ere egin». Edonola ere, foru aldundiak zergen inguruko «segurtasun juridikoa» eskainiko balu, aukera hori babesteko prest leudeke enpresariak. Izan ere, enpresen kotizazio sozialak %7 handituko zaizkie 2019an, eta, horregatik, enpresariak ez daude prest gastu gehiago euren gain hartzeko. Horregatik, pentsio osagarriak ordaintzeak gastu gehigarririk eragingo ez liekeen kasuan soilik onartuko lukete aukera hori.

Zerga gutxiago ordaintzearen baldintza plazaratzeaz gain, ordea, Garcinuñok eskaera egin zuen BGAEko dirua inbertsioak egiteko baliatzeko. Azken urteetan, enpresarien aldetik behin eta berriro eskatu da pentsio osagarrietako diruarekin inbertsioetarako funts bat sortzeko, baina oraindik ez da aurrerapausorik eman.

Cebekek atzo eman zuen prentsaurrekoan pentsio osagarrien gaiak bereganatu zuen arreta handiena, baina, horrekin batera, 2019ari begira patronalak dituen erronkei buruz aritu zen Garcinuño. Aurreratu zuen sakondu egingo dutela iazko urte amaieran Bizkaiko patronalek aurkeztu zuten «enpresa eredu berrian», eta «harreman pertsonalak sustatzeko» jardunaldiak egingo dituztela. «Talentua kudeatzeko garaia da».

7.000 lanpostu Bizkaian

Hasi berri den urtea, gainera, positiboa izatea espero dute lurraldeko enpresariek. «Baikortasuna ez daukagu sobran, baina egoera onean gaudela esan dezakegu», Garcinuñoren arabera. Iazko urtean, Bizkaiko ekonomia %2,7 hazi zen, eta 9.000 lanpostu sortu ziren. Bada, aurten, %2,3 handituko da jarduera, eta enpresek 7.000 langile gehiago kontratatuko dituzte. Horregatik, hazten jarraitzeari garrantzia eman zion patronaleko buruak, eta «pentsamendu negatiboak baztertzeko» deia egin zuen.

Euskal ekonomiaren eta, batez ere, bertako enpresen garapenari begira, bestalde, erakundeei dei egin zien kontratazio publikoaren arloan «bertako enpresak aintzat har ditzaten» eskatzeko. Lizitazio duinak eskatu zituen Garcinuñok, «lan baldintza prekarioak saihesteko», eta prezioari bakarrik ez begiratzeko eskatu zien agintari publikoei.