Aitatasun baimena zortzi astera luzatzea erabaki du Espainiako Gobernuak

Dekretu batean aurreikusi du bi urte barru hamasei astera luzatzea eskubide hori. Lan esparruan berdintasuna sustatzeko neurri batzuk jaso ditu legean

Bikote bat, haur batekin, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Amatasun eta aitatasun baimenak parekatzeko egutegi bat zehaztu du Espainiako Gobernuak, lege dekretu batean. Bost astera luzatu zuten iaz aitatasun baimena, eta, egitasmoa onartuko balitz, zortzi astekoa izango litzateke 2019a amaitu bitartean. Legeak aurreikusten du, gainera, modu mailakatuan handitzea epe hori: 2020an hamabikoa izatea, eta 2021ean hamaseikoa, amek egun dutena bezalakoa. Hego Euskal Herriko gurasoei eragingo lieke neurriak.

Orain, Espainiako Kongresuak berretsi beharko du neurria, indarrean sartzeko. Gobernuak hauteskundeetara deitu duenez, Gorteak datorren asteartean desegingo dituzte, eta, beraz, taldeek diputazio iraunkorrean bozkatu beharko dute egitasmoa, 30 eguneko epean. Unidos Podemos taldeak —Pedro Sanchezen lehentasuneko kideak— iragarri du alde bozkatuko duela.

Talde horrek, baina, «anbizio falta» leporatu dio gobernuari. Uste du aitek eta amek ez luketela zertan batera hartu baimenhori. PPIINA Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen Aldeko Plataformarentzat ere «tranpa» bat da neurria, «ama zaintzailearen eta aita laguntzailearen rolak indartzen dituelako». «Batzuek nahiago dute umearen zaintza lehenengo batek eta gero besteak egin, umea eskolaratu aurreko epea ahalik eta gehien luzatzeko». Espainiako Gobernuak argudiatu du neurriaren helburua dela ama osatzen den bitartean aita etxeko lanez eta jardun burokratikoez arduratzea.

Gobernuak aitatasun baimenak parekatzeko asmoa agertu zuenean, Espainiako enpresarien elkarte nagusiak ere kritiko azaldu ziren. Atzo, gobernuko presidenteorde Carmen Calvok ez zuen zehaztasunik eman horren inguruan. «Orain garrantzitsuena da talde parlamentarioek baiezkoa ematea».

Atzo onartutako lege dekretuak lan esparruan gizonen eta emakumeen arteko desberdinkeriei aurre egiteko neurri gehiago jasotzen ditu. Horien artean, 50 langile baino gehiagoko enpresek derrigorrezkoa izango dute beren soldatak argitaratzea, «soldata arrakala eragozte aldera». Horrez gain, enpresa ertain eta handiek berdintasun planak egin beharko dituzte. Dekretuak badu beste berritasunik. Menpekotasun egoeran dagoen senideren bat zaintzen dutenek —emakumeak dira nagusiki— Gizarte Segurantzan kotizatu beharko dute berriz ere, eta hori Espainiako Estatuak hartuko luke bere gain.

Atzeratuz joan den neurria

2007an Espainian Berdintasun Legea onartu zen arte, bi egun besterik ezin zuten libre hartu aita berriek Hego Euskal Herrian. Lege horren helburuetako bat zen epe hori luzatzea; bi astera luzatu zen aurrena, baina atzeratuz joan zen neurriaren garapena. 2013rako zegoen aurreikusita hilabetera luzatzea, baina 2017aren hasierara arte ez zuten gauzatu. Hori gertatu zen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatzeko PPk Ciudadanosekin eginiko akordioa dela eta. Horren arabera, 2018an bost astera luzatu behar zuten, eta hala egin zuten iazko uztailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.