Euroganberak paradisu fiskaltzat jo ditu EBko zazpi kide

Belgika, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Luxenburgo, Malta eta Zipreren zerga politikak kritikatu ditu europarlamentuko gehiengoak

Paradisu fiskalen kontrako Oxfamen protesta, Bruselan, 2017ko abenduan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batasunetik kanpo bakarrik ez, barruan ere paradisu fiskalei jazartzeko eskatu dio europarlamentuak Europako Batzordeari. Zerga paradisuen inguruko txosten bat onartu zuen atzo Europako Legebiltzarrak, eta, lehenengo aldiz, paradisu fiskaltzat jo zituen Europako Batasuneko zazpi estatu kide: Belgika, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Luxenburgo, Malta eta Zipre. 505 legebiltzarkidek bozkatu zuten txostenaren alde, 63k kontra, eta abstenitu egin ziren beste 87.

Euroganberaren gehiengoaren iritziz, EBko zazpi bazkide horiek «paradisu fiskalen ezaugarriak dauzkate», eta «zerga planifikazio oldarkorra ahalbidetzen dute», hau da, bidea errazten diete enpresa handiei ogasunari ordaindu beharrekoa dezente txikitu ahal izateko.

Jeppe Kofod Danimarkako europarlamentari sozialista eta txostenaren egilea pozik agertu da ganberak dokumentua babestu duelako, eta ontzat eman du Europako Batzordeak 2017an sortutako paradisu fiskalen zerrenda beltza ere, baina salatu du motz geratzen dela zerrenda hori. «Aurrerapauso handia da arlo fiskalean lankidetzarik egiten ez duten EBtik kanpoko herrialdeenzerrenda bat edukitzea, baina, irizpide berberak erabiltzen baditugu EBko estatu kideentzat, ikusten dugu batzuek zerga planifikazio oldarkorra ahalbidetzen dutela. Gure gobernuek geldiarazi egin behar dute jarduteko era hori, bere auzokideei egiten baitie kalte».

«Bide orri bat»

Urtebetez egon dira txostena lantzen euroganberako finantza delituen batzorde berezian, Panamako paperen, LuxLeaksen eta Paradisuko paperen auziek sortutako ezinegonari erantzunez. Europarlamentuak onartu arren, txostena ez da bete beharrekoa, baina «bide orri bat» izatea nahi dute, maiatzeko bozen osteko parlamentuarentzat eta Europako Batzordearentzat justizia fiskala lehentasun politiko bat izan dadin, eta aurreko legealdian hasitako bidean sakondu dezaten.

EBk 2017an adostu eta ondu zuen munduko paradisu fiskalen zerrenda lehenengo aldiz —EBtik kanpoko herrialdeena—, baina kontua da hasieratik oso meharra izan dela zerrenda beltza. Bost herrialde baino ez zeuden joan den martxoaren 12ra arte: Samoa Estatubatuarra, Guam, Samoa, Birjina Uharte Amerikarrak, eta Trinidad eta Tobago. Beste 63 herrialde zerrenda grisean zeuden, paradisu fiskal izan arren «konpromisoa» agertu baitzuten erreformak egiteko.

Martxoaren 12an bi zerrendak moldatu zituen EBko finantza ministroen kontseiluak. Zerrenda beltzeko bostei beste hamar herrialde gehitu zizkien: Arabiar Emirerri Batuak, Aruba, Barbados, Belize, Bermuda, Dominika, Fiji, Marshall Uharteak, Omon eta Vanuatuko Errepublika. Zerrenda grisa, ostera, 63tik 34ra txikitu zuen.

Zerga oinarriak bateratzea

Txostenaren babesleek, 2017an sortutako zerrendak oinarri hartuta, esan dute zigortu egin beharko liratekeela arlo fiskalean lankidetzan aritzea ukatzen duten herrialdeak, eta proposatu dute, besteak beste, herrialdeok lizitazio publikoetatik kanpo uztea.

Euroganberak onartu du 2014az geroztik eman direla pausoak gardentasun fiskalaren inguruan eta diru zuriketen kontra, baina estatuen lankidetza eta borondate politiko falta kritikatu du, galga direlako aurrerapauso sendoagoak emateko.

Europarlamentariek gogora ekarri dute EBk urtero-urtero bilioi bat euro galtzen dituela zerga ihesaren ondorioz, eta beste 50.000 milioi euro BEZaren iruzurragatik. Salatu dute, gainera, multinazional handiek enpresa ertain eta txikiek baino askoz zerga gutxiago pagatzen dituztela eta EBko herrialdeak norgehiagoka ibiltzen direla sozietate zergak jaisten konpainia handiak erakartzeko.

Proposamen bikoitza egin dute txostena babestu duten europarlamentariek: batetik, EBn sozietate zergaren oinarri bateratu kontsolidatu bat adostea; eta, bestetik, EBko BEZaren erregimen bat ezartzea. Alabaina, legebiltzarreko kideek ez dute akordiorik lortu EBn gutxieneko sozietate zerga tipo bat ezartzeko eskatzeko.

Gainera, txostenaren babesleek Batzordeari eskatu diote «finantza polizia berri bat» sortzeko Europolen eta EBko Finantza Inteligentziaren Unitatearen barruan. Halaber, EBko «zona frankoak» —operazio jakin batzuk egiteagatik konpainiei onura fiskalak ematen dizkieten eremuak— pixkanaka-pixkanaka desegin beharra aipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.