Zerga bilketa espero baino pixka bat txikiagoa da

Uztailera arte, %1,7 handitu da bilketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iragarpena bete ahal izateko, %1,9 gehiago jaso beharko dute

Rementeria eta Iruarrizaga Bizkaiko ordezkariak, otsaileko Finantzen Euskal Kontseiluan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Zerga bilketa iazkoaren gainetik doa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina ez da, oraingoz, esperotakora iritsi. Urteko lehen zazpi hilabeteetan 8.529,6 milioi euro jaso dituzte hiru foru ogasunek, aurreko urtean baino %1,7 gehiago. Urtearen amaieran igoera hori baieztatuko balitz, inoiz hiru lurraldeek zergetan bildutako kopururik handiena izango litzateke: 15.240 milioi euro inguru.

Kopuru hori gertu dago, baina ez da heltzen 2019 osorako Finantzen Euskal Kontseiluak iazko urrian egindako kalkulura. Orduan iragarri zuten aurten 15.265 milioi euro jasoko zituztela zergetan. 2018an biltzea espero zuten baino %3,8 gehiago izango zela kalkulatu zuten, baina kalkulu horretan motz geratu ziren, azkenean uste baino 275 milioi gehiago sartu baitziren ogasunen kutxetan: 14.981 milioi, hain zuzen ere. Kopuru hori baino %1,9 gehiago dira 15.265 milioi euro.

Aldea txikia da, 25 milioi euro inguru besterik ez, eta ez luke arazorik sortu beharko Eusko Jaurlaritzaren eta aldundien kutxetan, soilik ez dutela aparteko dirurik izango azken orduko gastuetarako edo zorra txikitzeko. Baina aldaketa nagusia joerarena da. Krisiaren urteetan aurreikuspen oso baikorretara iritsi ezinik ibili ondoren, 2017an eta 2018an askoz jarrera zuhurragoa izan dute Ogasuneko arduradunek, eta iragarpenetan oso motz geratu dira. Iragarpen horiek badute garrantzia, aurrekontuak haien arabera egiten baitira.

Atxikipenak, gora

Ogasunek tentu handiz hartu ohi dituzte uda arteko bilketaren emaitzak, zerga kanpaina nagusiak amaitu arte gorabehera handiak izan ohi dituztelako zenbakiek. Uztailekoek, ordea, urtea nondik nora joan daitekeen esateko datu fidagarriak ematen dituzte. Datu horiek erakusten dute errenta zerga dela aurten ongien portatzen ari dena. Lanaren errentei egiten zaizkien atxikipenak %5,5 hazi dira Gipuzkoan, %5,3 Bizkaian, eta %5 Araban, langabeziak azken urteetan izan duen bilakaera positiboaren ondorioz. Atxikipen handiagoen bidez, errenta zergaren bilketa %4 handitu da Bizkaian, eta %2,8 Gipuzkoan; Araban, berriz, %4,6 jaitsi da, Ramiro Gonzalezen gobernuak aurten itzuli dituelako amatasun eta aitasun laguntzei aurreko urteetan egindako zenbait atxikipen.

Diru gehien ematen duen beste zergak, BEZak, joera oso desberdina du: %4,3 gutxiago ekarri du Gipuzkoan, %2,8 Araban, eta paretsu Bizkaian. Sozietate zergari dagokionez, Araban soilik eman ditu orain arte zenbaki positiboak (+%3,9). Gipuzkoan %17,5 gutxiago bildu du zerga horrek, eta Bizkaian, %6,9 gutxiago. Ordainketa epeetan egindako aldaketek eta azken erreformarekin tasak jaisteak azal dezake txikitzea.

Orain arte, Bizkaian (+%2,4) eta Araban (+%1,7)hazi da bilketa gehien; Gipuzkoan, %0,1 baizik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.