Urkulluk adierazi du ez zela «posizionatu» metalgintzako greban

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen galderei erantzunez mintzatu da Jaurlaritzako lehendakaria. Langileek protesta egin dute legebiltzarrean

Hodei Iruretagoiena.
2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Bizkaiko metalgintzako langileek «FVEM, Urkullu, berdin da» eta «Bizkaiko metala borrokan» oihuak entzunarazi zituzten atzo Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek eskatuta, grebari buruz hitz egin zuen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta protesta egiteko baliatu zuten saioa langileek, joan den asteko bost eguneko grebaren ondoren. FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren aldera lerratzea egotzi zioten sindikatuek eta oposizioko alderdiek Urkulluri, irail amaieran esan baitzuen patronalak «ahal zuen guztia» egin duela akordioa lortzeko. Atzo, adierazpen haiek defendatu zituen lehendakariak, eta esan zuen ez zela inoren alde «posizionatu».

«Alde batetik proposamen jarraituak daudela eta bestetik proposamen bakarra egon dela baieztatzea ez da esatea nork duen arrazoia, ez da posizionatzea, errealitate bat aitortzea baizik», zehaztu nahi izan zuen Urkulluk atzo. Grebaren atarian egindako adierazpen haiekin «elkarrizketa prozesu bat hastea» eskatu nahi izan zuela azaldu zuen, eta alde biei eskatzen diela negoziaziorako «benetako borondatea».

Urkulluren hitzaldiaren ostean, zutik jarri, eta oihuka hasi ziren metaleko langileak, «Urkullu, noizko langileen alde?» zioten afixak eskuan. «Mesedez, kalera», agindu zuen Bakartxo Tejeria legebiltzarreko lehendakariak, eta pare bat minuturen ondoren kanporatu zituzten langileak.

Legebiltzarraren kanpoaldean egin zituzten adierazpenak ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek. «Eduki duineko akordio bat» nahi dutela azpimarratu zuten, eta salatu zuten alde baten ahotsa soilik entzun duela Jaurlaritzako lehendakariak: «Patronalarekin eta botere ekonomikoarekin dago soilik. Eusko Jaurlaritzako inork ez du egon nahi izan sindikatuokin gure aldarrikapenak aditzeko».

EH Bildu eta Podemos

Kritika horixe egin zion oposizioak ere Urkulluri. Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Jon Hernandezek «onartezintzat» jo zituen adierazpenak, eta EH Bilduko Iker Casanovak patronalaren jarrera salatu zuen: «Azken urteetan etekin mordoa pilatu eta orain hitzarmen duin bat negoziatu nahi ez duen patronalak ez du arrazoirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.