Berriro grebara joko dute Gipuzkoako zahar etxeetan

ELAk eta LABek egin dute deia, urriaren 4rako, bakoitzak bere aldetik. Aldundiari eta enpresei egotzi diete langileak «are okerrago» daudela

Gipuzkoako zahar etxeetako langileak, iazko irailean egin zuten protesta batean, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek martxoaren 13an eten zuten asteetan egiten ari ziren greba, osasun pandemiaren inguruan «erantzukizunez jokatzeko». Orain, ordea, grebari berriz ekitea erabaki dute ELA eta LAB sindikatuek, nork bere aldetik. 242 egunen ostean gelditu zuten aurreko greba prozesua; oraingoz, egun baterako deialdia egin dute. Egun bera jarri dute biek: urriaren 6a.

ELAk salatu du zahar etxeetako langileak «pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan» ari dira lanean orain. «Gaur egun sektoreko langileek pairatzen dutena ankerra da». Horiek horrela, sindikatuak onartezintzat jo du enpresak eta Gipuzkoako Foru Aldundia sektore horretan jokatzen ari diren rola: «Bizitzak daude jokoan, eta ez dute erantzukizunez jokatzen».

Izurriaren lehen olatua jasan eta gero, langileak «fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta» geratu ziren, ELAk ohartarazi duenez. Horrez gain, salatu du «enpresen eta foru aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria pairatzen» ari direla. «Lan gatazka eta gatazka soziala konpontzeko ahaleginak egin beharrean, eta langile, material eta lan baldintza hobeetan inbertitzen saiatu beharrean, gaur, sei hilabeteko pandemiaren ostean, okerrago daude». Sindikatuaren esanetan, ez diete erantzun langileei eskaerei, eta ez dago negoziaziorik. «Gainera, diote harro daudela langileei eta Gipuzkoako egoitzetako erabiltzaileei hain ondorio larriak ekarri dizkien eredu horretaz».

Beste eredu bat

LAB sindikatuak, bestalde, berretsi du adinekoentzako «arreta eredu berri bat sortzeko beharra» dagoela, «ereduaren erdigunean adinekoak jar daitezen, eta ez enpresa kudeatzaileen negozioa. Alegia, Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin aberasten diren enpresak; izan ere, adinekoen egoitzak zerbitzu publikoa dira, eta gipuzkoar guztiek finantzatzen dituzte zergen bitartez».

Horiek horrela, egungo egoera «kezkagarria» dela ziurtatu dute bi sindikatuek. ELAk ohartarazi du pandemiaren aurretik ere langileak falta zirela egoitzetan, eta orain lan zama handitu egin dela. «Langile falta horrek arrisku larrian jartzen du ez bakarrik langileen osasuna, baita egoitzetako erabiltzaileen bizitza ere». Gainera, salatu dute bajan dauden langileak ez direla beti ordezkatzen. «Ez dagoelako horiek betetzeko borondaterik edo, besterik gabe, baldintza horietan lan egin nahi duen langilerik ez dagoelako; izan ere, gaur egun, egoitza batzuetan norbera babesteko ekipamenduak falta dira, edo kalitate txarrekoak dira; PCRak egin ditzaten gogor borrokatu behar da...».

Emakumeak dira sektore horretako langile gehien-gehienak, eta haien egoeraz ohartarazi du LABek. Uste du pandemiarekin «ikusgarriago» egin dela haien lan prekaritatea, eta zahar etxeak jarri ditu adibide: langile falta dutela, lan erritmo «gehiegizkoak», eta arrisku psikosozial eta ergonomikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.