Errusiak ez du baztertzen Zaporizhiako zentrala ixtea

Zentral nuklearraren aurkako sabotaje bat prestatzea egotzi diote Moskuk eta Kievek elkarri. Hamabost lagun hil dituzte Kharkiven

Bi emakume elkar besarkatzen, bonbek suntsitutako eraikin baten aldamenean, Kharkiven. VASILIY ZHLOBSKY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Zaporizhiako zentral nuklearraren aurkako sabotaje bat prestatzen aritzea leporatu zion atzo Errusiako Defentsa ministro Igor Konaxenkovek Kievi. Haren esanetan, Ukrainako Gobernua «istripu bat» prestatzen ari zen gaurko, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres bertan dela baliatuta, eta erantzukizuna Moskuri egozteko asmotan. Horiek hala, Konaxenkovek iragarri du ez dutela baztertzen zentrala ixtea, ez bakarrik sabotajearen arriskuagatik, baita, haren arabera, Kievek ingurua bonbardatzen jarraitzen duelako ere.

Gauza bera leporatu dio Ukrainak Errusiari. Kieveko informazio zerbitzuen arabera, Moskuk «jai» eman die gaurko eguna «oinarrizkoak ez diren» zentraleko langileei —zentrala Errusiaren kontrolpeko eremuan dagoen arren, langileak ukrainarrak dira—, haren aurkako sabotaje bat prestatzeko asmoz.

Prentsaurreko batean, Igor Kirillovek, Errusiako indar erradioaktibo, biologiko eta kimikoen arduradunak, ohartarazi du bonbardaketek kalte egin diotela zentralaren segurtasun sistemari, eta «istripu nuklear bat» egongo balitz material erradioaktiboa Alemaniaraino, Poloniaraino eta Eslovakiaraino iritsiko litzatekeela. Kieven esanetan, baina, zentrala ixteak areagotu egingo luke ezbehar bat gertatzeko arriskua. Ukrainako Energoatom agentziak adierazi duenez, sorgailuak Ukrainako energia sistematik deskonektatuz gero, ezinezkoa izango litzateke erregai nuklearra hoztea, zentralean energia itzaliko balitz.

Guterresen bidaia baliatuta, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik zentrala desmilitarizatzeko eskatu dio NBEri: «Errusiako tropak eragiten ari diren izuak hondamenezko ondorioak izan ditzakete mundu osoan. NBEk bermatu behar du toki estrategiko horren segurtasuna, haren desmilitarizazioa, eta Errusiako tropak hortik joatea». Zelenskiren esanetan, Mosku «ezkutu gisa» baliatzen ari da zentrala, Ukrainak bonbardatuko ez duela jakitun. Horrez gain, nazioarteko erakundeari eskatu dio bidal ditzala begiraleak Olenivka hirira. Han, Zelenskiren esanetan, soldadu errusiarrek «eraso terrorista bat» egin dute gerrako preso ukrainarren aurka.

Zaporizhiako azken bonbardaketen ostean, nazioarteak Errusiari eskatu zion IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren misio bat baimentzeko; Kievek, ordea, beste baldintza bat ere jarri zuen: nazioarteko ordezkariak Kievetik igarotzea zentralera joan aurretik. Moskuk, ordea, ez du halakorik onartu, arrazoituta horrek esan nahiko lukeela begiraleek gerra frontea igaro beharko luketela Zaporizhiara heldu ahal izateko.

Bien bitartean, zentralaren aurkako erasoak geldiarazteko eskatu du Guterresek, eta nabarmendu azpiegitura zibil bat dela hura. Hala, berretsi du NBE prest dagoela IAEAren edozein misio babesteko, baina bi aldeek adostua behar duela ordezkaritza horrek. Harekin bat etorri da Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan ere —Guterresekin eta Zelenskirekin bildu zen atzo estatuburua—: «Kezkatuta gaude. Ez dugu nahi beste Txernobyl bat».

Preso trukea

Erdogan bitartekari lanetan ari da gatazkan. Hura izan zen laboreen esportaziorako akordioari bide eman zioten buruzagietako bat. Orain bestelako hitzarmen bat erdiestea du helburu, presoen trukea, eta, bide batez, baita gatazkari irtenbide politiko bat aurkitzen ahalegintzea ere.

Gertuko harremana du Ankarak Moskurekin, baina baita Kievekin ere, eta argi utzi du hori Lvivera egindako bidaian, iragarriz lagunduko diola Errusiak suntsitutako azpiegiturak berreraikitzen. «Irtenbide bat aurkitzeko ahaleginetan Ukrainako gure lagunen ondoan jarraituko dugu».

Bestalde, gutxienez hamabost pertsona hil ziren Kharkiven, Ukrainako hiririk handienetan bigarrenean, Errusiako armadak jaurtitako bonben ondorioz. Bi etxebizitza suntsitu zituzten lehergailuek, eta hainbat zauritu eragin. Ukrainako Atzerri Ministerioak ere atzo eman zituen gatazkan hildako soldadu errusiarren datuak: Kieven arabera, 44.300 inguru dira otsailean gerra hasi zenetik. Errusiako Mediazona gobernuz kanpoko erakundearen arabera, ordea, heriotza horietatik 5.183 bakarrik egiaztatu ahal izan dituzte, eta horietatik gehienak Errusiako eremu pobreenetatik gerrara bidalitako herritarrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.