Etxebizitza sozialetako hauteskundeetara aurkeztuko da Alda

Egun hasiko da alokairu apaleko bizitokietako bozen kanpaina. Hemeretzi hautagai izanen ditu Aldak hiru erakundetan

Alda mugimenduarena agerraldia, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Egun hasiko da alokairu apaleko bizitokietako hauteskundeetarako kanpaina. Alda mugimenduak aurkeztea erabaki du «hainbat batzorde, instantzia eta informazio iturrietarako sarbidea lortzeko». Ainize Butron bozeramailearen ustez, «alokatzaileek egoera geroz eta zailagoa izango dute heldu diren urteetan», eta, hain zuzen, alokatzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztu nahi du Aldak. Denetara, hemeretzi hautagai izanen dituzte.

Horietarik hamar HSA Habitat Sud Atlantic erakundeko hauteskundeetan izanen dira; beste zortzi, Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegoan, eta, azkenik, Aldak hautagai bat izanen du Frantziako Estatuko CDC Habitat erakunderako zerrendan. Interneten edo postaren bidez bozkatzen ahalko dute herritarrek: Etxebizitza Publikoaren Pirinio Atlantikoetako Bulegorako, bihartik abenduaren 5 arte izanen dute, eta HSA erakunderako, ostiraletik abenduaren 4ra arte.

Hautagai diren herritar batzuek hartu zuten hitza atzo goizean Baionan egindako agerraldian. Isabelle Martikorena da horietako bat, eta Uztaritzen (Lapurdi) bizi da. Familiarekin batean etxebizitzaz aldatu nahi du, toki lasaiago batean izateko. Hain zuzen, egokia zaien leku bateko familia batek gaur egun Martikorena bizi den etxebizitzan bizi nahiko luke; hots, biak prest dira trukatzeko. Baina administrazioak ez die aldaketa hori egiten uzten. «Aldak proposatu nahi du trukatze banku bat sortzea, egoera absurdo horiek saihesteko». Zehaztu duenez, beste leku batzuetan jadanik martxan da sistema hori.

Rama Cristofoli da beste hautagaietako bat. Baionako Habas auzoan bizi da, eta, Aldaren laguntzari esker, bizilagunen kolektiboa sortu dute hainbat aldarri ekartzeko. Kasurako, kendua izan zen auzoko gutun ontzia berriz ezartzea lortu dute. Cristofolik nabarmendu zuen Aldaren erronketariko bat dela auzoak «bizitzeko toki» bilakaraztea, eta ez izatea soilik «lo egiteko tokiak».

Etxebizitza krisia

Aldak, zehazki, 21 neurri aldarrikatuko ditu kanpaina denboran. Tokian-tokian, adibidez, egoera txarrean diren bizitegiak konpontzeko obrak eginarazi nahi ditu, eta, erronka ekologikoa ardatz, egoitzetako isolamendua berriz egiteko desmartxak egin nahi ditu. Oro har, bizitegi sozial gehiago behar direla ere aldarrikatuko dute hauteskunde kanpainaren denboran.

Txetx Etxeberri Alda mugimenduko kideak esplikatu zuen ezinbestekoa dela etxebizitza publikoen eta pribatuen arteko loturak egitea. Zehaztu zuen etxebizitza parke pribatuan dagoen krisiak eragina duela etxebizitza sozialetan. «Ipar Euskal Herrian bizi diren herritarrek geroz eta zailtasun gehiago dituzte etxebizitza lortzeko. Eraikitzen diren etxebizitzen %80 ez dira tokiko herritarrentzat eginak, ez baitira nahiko aberatsak erosi ahal izateko. Ipar Euskal Herriko soldaten banaketa ikusirik, bi herenek etxebizitza soziala eskuratzeko eskubidea lukete; alta, eskasia ikaragarria da».

Kanpaina denboran, hitzordu nagusi bat izanen du Alda mugimenduak: azaroaren 21ean, bizitegi sozialen inguruko hitzaldi bat antolatu dute Baionako elkarteen etxean, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.