Muga zergei ihesi, Harley Davidsonek ekoizpen zati bat aterako du AEBetatik

Trumpi erantzunez, EBk%31ra igo dizkie tarifak AEBetako motorrei. Etxe Zuriak Txinaren inbertsioak mugatu nahi ditu teknologia arloan
Harley Davidson markako motor bat, artxiboko irudi batean.
Harley Davidson markako motor bat, artxiboko irudi batean. IAN LANGSDON / EFE

Jon Fernandez -

2018ko ekainak 26
Erasoen eta kontraerasoen artean, muga zergen gerrak AEBetako ikurretako baten enpresa estrategia aldarazi du. Harley Davidson konpainiak atzo jakinarazi zuen AEB Ameriketako Estatu Batuetatik kanpora aterako duela ekoizpenaren zati bat. Europako Batasunera saltzen dituen motorrak AEBetatik kanpo ekoiztea erabaki du, Bruselak AEBetako motorrei jarritako %31ko muga zergei izkin egiteko. EBrena kontraeraso bat izan da, lehen kolpea Donald Trumpen gobernuak eman baitzuen, Europako altzairuari %25eko muga zergak ezarrita eta aluminioari %10ekoak.

Milwaukeen du egoitza nagusia Harley Davidsonek, Wisconsinen, eta iaz, esate baterako, 40.000 motor saldu zituen Europara. AEBen atzetik, Europako Batasuna du bigarren merkaturik handiena. Joan den barikura arte, AEBetatik EBra saldutako motor bakoitzeko %6ko muga zerga ordaintzen zuen Harley Davidsonek, baina hilaren 22az geroztik %31 pagatu behar ditu. Igoera horrek 1.900 euro garestituko du motor bakoitza. Gainkostua erosleei ordainarazita Europan salmentak asko jaitsiko litzaizkiokeela uste du konpainiak, eta ondorioztatu du errentagarriago zaiola motorrak AEBetik kanpo ekoiztea eta, gero, Europara saltzea.

Burtsen erantzun txarra

Konpainiak ohar bidez azaldu du ez dela bere «lehentasuna» ekoizpenaren zati bat herrialdetik ateratzea, «baina aukera jasangarri bakarra da, EBko bezeroek eskura izan ditzaten gure motorrak, eta negozioa bideragarria izan dadin Europan».

Enpresak ez du zehaztu zein herrialdetan ekoitziko dituen Europarako motorrak, baina iragarri du bederatzi eta hamazortzi hilabete bitartean beharko dituela produkzioa beste herrialde batera ateratzeko. Hiru fabrika handi ditu AEBetan: Yorken (Pensilvania), Kansas Cityn (Missouri) eta Menomonee Fallsen (Wisconsin). Herrialdetik kanpo, beste lau lantegi ditu: Australian, Brasilen, Indian eta Thailandian.

Harley Davidsonen erabakiak agerian utzi du Trumpen politika protekzionistak albo kalteak ere eragingo dituela AEBetan bertan, hango enplegua kaltetuz. Altzairuaren eta aluminioaren sektorea lagun ditzake, baina motorrena, esaterako, kaltetu.

Baina muga zergen norgehiagoka hasi baino ez da egin. Trumpek begiz jota du EBko autogintza, eta mehatxu egin dio Bruselari: ez badu ezabatzen AEBetako auto inportazioentzako %10eko muga zerga, AEBek %2,5etik %20ra igoko dizkiete tarifak Europako autoen inportazioei.

Europari ez eze, Txinari ere mehatxuka jarraitzen du Etxe Zuriak. The Wall Street Journal egunkariaren arabera, AEBetako Ogasun Departamantua arau berri bat ontzen ari da, Txinako inbertsioak mugatzeko. Trumpek bi helburu dauzka: Txinako konpaniek ez erostea AEBetako konpainia teknologikoak, eta txikitzea AEBetatik Asiako herrialdera doan teknologia esportazioa. Kazetaren arabera, enpresa baten jabetzaren %25etik gora txinatarren esku badago, ezingo dute erosi AEBetako teknologia enpresarik.

Momentuz asmo hutsa bano ez da Etxe Zuriarena, baina galerekin erantzun zioten atzo AEBetako burtsek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna