Villabonako bikote bat hil du positibo emandako auto gidari batek Espainian

Donejakue bidea egiten ari ziren andre-gizonak, eta Leonen harrapatu ditu autoak. Haiekin zihoan 12 urteko semea ere; zauri arinak izan ditu

Guardia Zibilak, atzo, Villabonako andre-gizonak hil ziren lekuan. J.CASARES / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Alkoholaren eraginpean zihoan gidari batek harrapatuta, Villabonako (Gipuzkoa) andre-gizon batzuk hil ziren atzo. Donejakue bidea egiten ari ziren bizikletan, eta Matallana de Valmadrigal herrian izan zuten istripua, Leonen (Espainia). Ibilgailuak emandako kolpe handiaren eraginez, errepidean bertan zendu ziren biak. Haiekin batera zihoan 12 urteko semea ere; arin zaurituta dago.

Ezbeharra 11:00ak aurretxoan gertatu zen, N-601 errepidean. Bizikletan zihoazen gurasoak eta semea, eta ibilgailu batek harrapatu zituen. Gidariak ihes egin zuen. Lekuko batzuek larrialdi zerbitzuetara hots egin zuten, eta autoari buruzko datuak eman zituzten; Guardia Zibilak handik hamazazpi kilometrora atzeman zuen. Alkohol proba egin zioten gidariari, eta nabarmen gainditu zuen gehienezko tasa: litroko 1,16 miligramo alkohol zuen. Gehienezkoa baino bost aldiz gehiago. Asegururik gabe zihoan, gainera.

Kolpe handia jaso zuten hildako andre-gizonek, eta haien gorpuak metro batzuetara aurkitu zituzten. Semeak zauri arinak ditu; txirrindulari federatua da.

Amasa-Villabonako Udalak bozeramaileen batzordea bildu zuen atzo. «Nahigabea» adierazi du gertatutakoagatik, eta babesa agertu die senideei. Iragarri du epaiketan akusazio partikular gisa aurkezteko asmoa daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.