Bizitza Da Handiena-k salatu du mugimenduko lau kide epaituko dituztela

Maiatzean Donostian eginiko dinamikaren harira hasi ziren auzibideak. Hilaren 17an eta 25ean dira epaiketak; zenbait protesta iragarri dituzte

Elkartasunezko protesta bat egin zuten atzo Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
«Protesta soziala epaitu nahi dute; defentsa eskubidea ere urratu digute». Bizitza Da Handiena dinamikako ordezkariek irmo kritikatu dituzte datozen bi asteetan mugimenduko kideen kontra egingo diren epaiketak. Iragan maiatzean Donostian eginiko protesta astearen harira hasitako auzibideen ondorio izango dira epaiketak, eta iragarri dute hainbat protesta egingo dituztela epaiketa horiek salatzeko. «Gutako inori eraso egiten badiozue, gu guztioi egingo diguzue eraso; herriari egingo diozue eraso», adierazi zuten atzo ateratako prentsa ohar batean. Epaiketak hilaren 17an eta 25ean izango dira, Donostian. Auzipetuei «elkartasuna» erakustera joateko deia egin dute: «Ez zaudete bakarrik». Lau lagun epaituko dituzte.

Gazte asanbladak, pentsiodunak, jai batzordeak, sindikatuak, talde feministak, elkarte animalistak... Bizitza Da Handiena mugimenduak 61 talde batzen ditu; egungo eredu politiko eta ekonomikoa irauli nahi dute, eta, iragan maiatzean Donostian Munduko Turismo Erakundeak topaketa bat egin zutela eta, protesta dinamika bat ipini zuten martxan; besteak beste, Donostia erdialdeko eraikin oso bat —zortzi solairu okupatu zuten. Hamabost urte pasatxo hutsik zeramatzala argudiatu zuten, eta keinu horrekin haien borroken funtsa erakutsi nahi izan zuten.

Gogorarazi dute beti biolentziarik gabeko borroka moldeak lehenetsi dituztela, baina hala ere eragotzi egin zietela protesta; Poliziak hainbat lagun identifikatu zituen mobilizazioetako batean, eta bi atxiloketa egin zituen. Auzipetuta daude bi pertsona horiek, eta irailaren 17an hartuko diete deklarazioa. Gero, usurpazioa egotzi diete beste biri : Idiakez kaleko eraikinaren okupazioaren ardura leporatu diete, eta hilaren 25ean hasiko da euren aurkako epaiketa. Bidegabea deritzote. «Erabat legitimoak diren protesta sozialak zigortu, kolpatu eta eraso zituzten», oroitarazi dute.

Hainbat elkarretaratze egingo dituzte epaiketak egingo diren bi goizetan Donostiako epaitegiaren aurrean. Atzo arratsaldean, halaber, topaketa bat egin zuten atxiloketak izan ziren lekuan —Tabakalera inguruan—, eta «elkartasun argazki bat» egin zuten auzipetuak babesteko.

Kezka azaldu dute epaiketen harira, baina uste dute erakusten dutela herri mugimenduaren indarra ere, agintean daudenek hori ikusita sentitzen duten ezinegona. «Agerikoa da gai garela haien eredua zalantzan jartzeko, eta ez dutela inondik inora ere zirrikiturik irekitzerik nahi». Baina protestan jarraitzeko asmoa berretsi diete agintariei. «Zuen bulegoetan herritarrak kontuan hartu gabe hartzen dituzuen erabakiak gure kontra doaz zuzenean, eta guk, bulegoen ordez, plazak nahiago ditugu».

Defentsa eragotzi diete

Mugimenduak salatu du haien defentsa lanak bideratzen aritu den Haizea Nuñez Palacio abokatua dela auzipetu dutenetako bat, eta era horretan «urratu» egin dietela defentsa eskubidea. «Lotsagarria da ikustea abokatu lanetan modu aske eta independentean jarduteko eskubide urraketa hau», deitoratu dute. «Herritarron defentsa eskubidearen aurkako erasoa izan da, eta bide guztiak jorratuko ditugu bertan behera gera dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.