Lan istripuetan hildako beharginen kopuruak nabarmen egin du gora

LABen arabera, 68 langile hil ziren iaz, 2017an baino %22 gehiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 35 langile hil dira, Osalanen arabera

Gehiengo sindikalak lan istripuen aurkako manifestazioa egin zuen irailean, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Amaitu berri den urtea beltza izan da lan istripuei dagokienez. Hala erakusten dute, bederen, zenbakiek. LABen datuen arabera, Euskal Herrian 68 langile hil ziren 2018 osoan zehar. Lanean ari zela hil zen azken behargina abenduaren 14an hil zen, Arrasaten (Gipuzkoa). 2017an 53 hildako zenbatu zituen sindikatuak, iaz baino hamabost gutxiago. Hildako langileen kopuruak %22 egin du gora urtebetean.

Lan istripuen inguruan sindikatuek eta Osalanek egiten dituzten zenbaketek alde nabarmena erakutsi ohi dute, eta kasu honetan ere hala da. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak azarora arteko datuak bildu ditu oraingoz, eta, hilabete bat gutxiagoko zenbaketarekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2017an baino hiru hildako gehiago zenbatu zituen: denetara 35. Lanera bidean izandako istripuak ere kontuan hartzen ditu zenbaki horrek, baina, horiek kontuan hartuko ez balira, urte batetik besterako saltoa are eta handiagoa izango litzateke. Lanpostuan bertan 32 pertsona hil baitziren azarora arte, eta 2017. urtean, berriz, 25. %33ko igoera da hori. Horregatik, lanean ari ziren beharginentzako urte gogorra izan dela esan daiteke.

Urtearen azken hilabeteak izan dira, gainera, gogorrenak. Sindikatuaren zenbaketaren arabera, irailerako 50 ziren hildako beharginak, eta horietatik erdiak ekain eta irailaren artean hil zirela salatu zuen orduan. Uztailean bertan, esaterako, istripu larria izan zen Corellan (Nafarroa), bi langile hil baitziren araztegi bateko putzu batera erorita. Hala ere, 2018ko egunik beltzena otsailaren lehena izan zen, lau langile hil baitziren egun horretan: Bizkaibuseko gidari bat eta kamioilari bat zendu ziren Galdakaon, bi ibilgailuek aurrez aurre elkar jota, eta, Loiun (Bizkaia), furgoneta batean hilik topatu zituzten bi langile, deskantsuan zeudela berogailuak intoxikatuta.

Egoera okertzen ari zela ikusita, gehiengo sindikalak manifestazioa egin zuen irailaren 29an Iruñean, «Gure bizitzaren defentsan» zioen pankartaren atzean. Ehunka pertsona bildu ziren ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGTk deitutako manifestazioan, eta lan baldintzek okerrera egin izana salatu zuten: «Lan erreformak, lan baldintzen gainbehera, kontratazio partzialak, gehiegizko lan erritmoak... hori guztia dago ezbeharren atzean». Eta arduradunak nor diren ere salatu zuten, gainera: «Erakunde publikoek beste aldera begiratzen dute; ez dute enpresarien interesen aurka egin nahi, eta arau hausteak sarri egiten dira, ez dagoelako behar adinako kontrol eta zigorrik».

Erdira jaitsi da kopurua

2018an, gainera, 25 urte bete zituen Osalanek, eta urteurren ekitaldian bertan datua eman zuten bertako arduradunek: denbora tarte horretan lanean hildako langileen kopurua erdira jaitsi zela. Gaixo agiria eragin duten istripuek ere nabarmen egin dute behera 25 urtean, istripuen %84 baitziren lehen, eta %43ra jaitsi da proportzio hori. Horretaz gainera, 25 urtean 150.000 lan istripu ikertu ditu Osalanek. Hildako langileen jaitsiera LABen datuetan ere sumatu daiteke. 2011n, 81 langile hil ziren Euskal Herrian, eta 2014an, krisi betean, 39ra jaitsi zen kopurua. Baina ordutik urtetik urtera datua gora doa berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.