Erretiro adin erreala 65,5 urtera igo nahi du Madrilek 2048. urterako

Podemosi ez zaio gustatu proposamena, eta ez du babestuko. Espainiako Gobernuak negoziatzen hasi nahi du gizarte eragileekin
Pentsiodunen protesta, Bilbon, joan den astelehenean.
Pentsiodunen protesta, Bilbon, joan den astelehenean. LUIS TEJIDO / EFE

Jon Fernandez -

2019ko urtarrilak 12
Epe luzera begira eta bi kolpetan igo nahi du Espainiako Gobernuak erretiroa hartzeko batez besteko adin erreala: 64,5 urtera arte 2027an, eta 65,5era 2048an. Gaur egun, erretiro adin erreala 62,7 urtekoa da, Airef Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen azken txostenaren arabera.

Proposamena, hain zuzen ere, Airefek egin du, eta begi onez jaso du Pedro Sanchezen gobernuak. Enplegu Ministerioaren esanetan, «neurritsua eta arrazoizkoa» da, eta datorren astean hasi nahi du Airefen txostenari buruzko eztabaida gizarte eragileekin: hau da, CCOO eta UGT sindikatuekin eta patronalarekin.

Unidos Podemosek, Sanchezen aliatu nagusiak, ohartarazi dio erretiro adin erreala atzeratzeko asmoa badu, aurrez aurre egingo dutela topo, eta ezkerreko koalizioak ez duela onartuko erretiro adina atzeratzerik. Eta Yolanda Diazek, En Mareako diputatuak Podemosen botoen garrantzia ekarri dio gogora gobernuari: «Jakin nahiko genuke ea gobernuak benetan onartu nahi ote dituen aurrekontuak».

PSOEren beste gobernu bat, Jose Luis Rodriguez Zapaterorena, hasi zen goraka bultza egiten erretiroa hartzeko adinari, errealari eta ofizialari, 2011ko erreformarekin: urtetik urtera atzeratzen ari da legezko erretiroa adina, 65ean zegoen eta 67ra ailegatuko da 2027rako; horrez gain, zabaldu egin da pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko erabiltzen den kotizazio urteen epea, hamabost urtetik 25 urtera.

Zergekin ordaintzea

Legezko erretiro adina 65-67 urtekoa izan arren, beraz, pentsiodun askok aukera izaten dute lehenago erretiratzeko, baldintza jakin batzuk betetzen dituztelako. Pedro Sanchezen gobernuak ez du ukitu nahi legezko erretiro adina, baina baldintzak estutu nahi ditu erretiro adin erreala atzeratzeko.

Beharginen kotizazio urteak luzatzeko proposamenez gain, pentsioak ordaintzeko bide berri batzuk ere aurkeztu ditu Airefek. Gizarte Segurantzako gastuen 17.000 milioi euro aurrekontuetatik pagatzeko eskatu du, hau da, zergetatik. Gizarte Segurantzak, gaur egun, 16.000 milioi euroko defizita dauka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna