Kalitatezko zerbitzu publikoen alde protesta egin dute Baionan

Ipar Euskal Herriko ia sindikatu guziek bat egin dute Frantziako Gobernuaren politiken kontrako lanbide arteko greba deiarekin

Manifestari talde bat Baionako suprefektura aitzinean, manifestazioaren bukaeran, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Ehunka manifestari elkartu ziren atzo Baionan, Frantziako Gobernuari politika alda dezala eskatzeko. Lansariak, enplegua, erosteko ahalmena eta kalitatezko zerbitzu publikoen aldarrikapena plazaratu zituzten Lan Burtsatik suprefekturara egindako manifestazioan. Sindikatu gehienek deitua zuten mobilizazioa, eta Jaka Horien ordezkaritza batek ere parte hartu zuen. LAB sindikatuak ekintza bat egin du Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua «ahulegia» dela salatu eta botere publikoei plan «koherenteago» bat eskatzeko.

Jaka Horien mugimenduari nola erantzun ez dakitela ari dira Frantziako sindikatuak azken hilabeteetan. Egun bateko mobilizazioak bultzatu dituzte orain arte, arrakasta handiagoz ala txikiagoz. Horietako bat izan zen atzo. Lanbide arteko grebara deitu zuten, eta sindikatu gehienek babestu zuten. Baionan, 1.200 pertsona inguru elkartu ziren.

«Beti bezala, lansariak, enpleguak, erretretak babestu nahi ditugu. Funtsean, el Khomry eta Macron legeak aitzin genituen aldarrikapen berak dira. Orduan, langileei erraten genien paretaren kontra gindoazela; orain horretan gaude», adierazi zuen Carl Andre CGTko Ipar Euskal Herriko idazkari nagusiak. «Jaka Horiek bat egin dute gurekin; jendea kontzientzia hartzen ari da Frantziako Gobernuak herrialdea gaizki tratatzen duela; alde guzietatik lehertzen ari da, zinez lehertzen. Eremu anitz ukitu ditu mobilizazioak, baina hasiera bat besterik ez da. Etorkizunerako baikor gaude, ez dugu amore emanen».

Batasun sindikala

LAB sindikatuak Baionako tren geltokian abiatu zuen eguna. Blusa gorriak jantziak zituztela, Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua hobetzeko eskatu zuten Barnealdea ez isolatu! Ingurunea babestu! eta Lurralde osoan behar ditugun garraio publikoak biziarazi pankartak eskuetan zituztela. «Iruditzen zaigu garraio publiko bat izatea dela modurik egokiena prekaritatearen kontra eta klimaren alde borrokatzeko», adierazi zuen Eñaut Aramendi LABeko koordinatzaileak. Manifestaziora batu baziren ere, kexu agertu zen gainerako sindikatuen jarrerarekin. Salatu zuenez, ez dituzte gonbidatu bilkuretara, eta azken egunetan jakin dute Baionan manifestazioa antolatzeko xedearen berri. «Espero dugu hurrengo aste eta hilabeteetan lortuko dugula intersindikala bera handitzea eta langileen interesaren defentsarako denek batera lan egitea». Maiatzaren 1erako deialdi bateratua egiteko, beste sindikatuekin elkarrizketan ari da LAB.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.