Umoregilea oligarken aurka

Ukrainan presidentea aukeratuko dute etzi. Volodimir Zelezni aktorea da ezusteko faboritoa

Julia Timoxenko lehen ministro ohi eta presidentetzarako hautagaiaren kanpainako kartel bat erorita, Kieven. SERGEY DOLZHENKO / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren bukaeran bortz urte bete ziren Ukrainan Maidan edo Euromaidan erran zitzaion matxinada bukatu zenetik. Herrialdean botere aldaketa bat eragin zuen horrek, eta, horrekin batera, Ukrainak norabide geopolitikoa aldatzea, Errusiaren orbita utzi eta Mendebaldera hurbiltzeko. Baina matxinada horren garaipena ez zen erabatekoa izan, eta herrialdearen bertze zati batek horren aurka erreakzionatu zuen. Gertakari horien ondorio da gaur egungo egoera ezegonkorra. 2014ko presidentetzarako hauteskundeak hego-ekialdean gobernuaren eta errusiazale independentisten gerra hasi berri zenean egin zituzten. Petro Poroxenko magnatea nagusitu zen orduan, eta hark zuzendu du herrialdea orduz geroztik. Haren jardunari buruzko iritzia emanen dute herritarrek etzi eginen dituzten presidentetzarako hauteskundeetan, eta ezusteko aurkari bat agertu zaio.

Volodimir Zelenski da hori. Presidentetzarako lehian sartu aitzinetik ere pertsona ezaguna zen Ukrainan, umoregilea eta aktorea baita. Argitaratu dituzten azken inkesten arabera, Zelenskik irabaziko du lehenbiziko itzulia hurrengo igandean. KIIS etxeak atzo argitaratu zuen lehenbiziko itzuli hori egin aitzinetik argitaratu zitekeen azken inkesta, eta, horren arabera, umoregileak botoen %21 lortuko ditu, eta Poroxenkok, %14. Hirugarren geldituko litzateke Julia Timoxenko lehen ministro ohia, botoen %10ekin. Hautagai bakar batek ere ez badu gainditzen botoen %50eko langa, lehenbiziko biak bigarren itzulira igaroko lirateke, heldu den apirilaren 21ean.

Fikzioa errealitatera

Poroxenkok 2014an lehenbiziko itzulian irabazi zituen hauteskundeak (botoen %54), baina inkesten arabera babesa zeharo murriztu zaio, eta bigarren itzulian Zelenskiri aurre egin beharko dio. Italiako Beppe Grillo umoregilearen eta haren M5S Bost Izar Mugimenduaren fenomenoarekin konparatu dute Zelenskik politikan egin duen agerpena. Umoregilearen lan ezagunenetako bat da Herriaren zerbitzaria izeneko telesail batean antzeztu duen rol protagonista. Telesail horretan, Zelenskik irakasle baten rola antzeztu zuen; irakasle horrek politikarien ustelkeria kritikatzeko bideo bat paratu zuen sare sozialetan, eta, erruz hedatu ondoren, hauteskundeetara aurkeztu, irabazi, eta presidente hautatu zuten. Aktorea fikzioa errealitatera eramatekotan da orain.

Grillok bezala, Zelenskik ustelkeriaren eta politika kontrolatzen duten eliteen aurkako eta erreformen aldeko mezuak hedatu ditu, eta sare sozialak anitz erabili ditu horretarako. Oligarkek —negozio jende aberatsak— kontrolatzen duten estatu batean herritar xumeen alternatibatzat aurkeztu du bere burua, baina Zelenski ere ez da susmoez libratu.

Izan ere, haren telesaila eman zuen katearen akziodun nagusia Ihor Kolomoiski oligarka da, zeina Proroxenko presidentearekin eta Timoxenkorekin etsaituta baitago. Zelenskik eta Kolomoiskik ukatu egin dute elkarlanean ari direla. Zelenskiren alderdiak telesailaren izen bera du, eta telesailaren ekoiztetxeak sortu zuen iazko martxoan, orduan erran zutenez, ezein alderdi politiko ez jabetzeko haren izenaz. Alderdiko burua ekoiztetxearen abokatua da, Ivan Bakanov.

2014an bezala, Ukrainako Estatuak ezinen ditu hauteskundeak antolatu Donbass eskualdearen zati handi batean —de facto independenteak dira gerra hasi zenetik—, ezta Krimeako penintsulan ere, Errusiarekin bat egin baitzuen duela bortz urte. Zelenskik Euromaidana babestu zuen, baina hauteskunde programan bildua du Errusiarekin negoziatzeko proposamena lurraldetasun auzi horiei konponbidea emateko. Poroxenkok jarrera gogorraren alde egin du urteotan, eta babes handia lortu du bai Ukrainan, bai Mendebaldean, baina herritarren batez bertzeko bizi maila apala ez hobetu izanak eta ustelkeria oraindik endemikoa izateak anitz higatu du haren ospea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.