Urtea ahalik eta kalterik arinenekin amaitzeko bidea marraztu du Mondragonek

Taldeak uste du egungo krisira egokitzeko ezinbestekoa izango dela «malguak» izatea. Neurri «gogorrak» hartu dituzte kooperatiba batzuek

Taldeko buruak eta kooperatibetako kide batzuk, atzo eginiko batzar telematikoan. MONDRAGON KORPORAZIOA.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Enpresa askorentzat gogorra gertatzen ari da koronabirusak eragindako itxialdi luzearen ondorena, jarduera hasi bai baina eskaerarik ez direlako jasotzen ari, eta horrek isla zehatza izango du urte amaierako emaitzetan, eta, birusaren eboluzioaren arabera, baita aurrera begirakoetan ere. Etorkizun hurbil horri kezkaz begiratzen diote Mondragon Korporazioan ere. Kolpea ahalik eta arinena izan dadin eta datozen lau urteetarako estrategia marrazteko, urteko batzarra egin zuten atzo.

Koronabirusak baldintzatutako egoera dela eta, Fagor etxetresnen gatazkaren osteko kongresurik zailena izan zuten; dena den, horra begira egindako bi txostenak zuzenketarik gabe itzuli zituzten kooperatibistek, eta osoko bilkurara joandakoek onartu egin zituzten, taldeak komunikabideetara bidalitako ohar laburrean azpimarratu duenez.

Atzoko batzarrera 650 konpromisario zeuden deituta, eta haietako batzuek modu telematikoan parte hartu zuten. Han izan zen korporazioko presidente Iñigo Uzin ere. Bere hitzaldian egungo krisi ekonomikoa izan zuen mintzagai. Haren ustez, horren eraginak ez dezan luze jo, ezinbestekoa izango da azkar erreakzionatzea eta, horretarako, taldeak merkatuan duen posizioa zaintzea, aldaketa sakonak datozelako; haren iritzian, gakoa izango da «lehiakorrak eta malguak» izatea. «Aldaketa gero eta bizkorragoa da, eta horrek esan nahi du mehatxuak eta aukerak egongo direla gure kooperatibentzat. Abantailak lortzeko eta noraezean ibili nahi ez badugu, hainbat olatu hartu beharko ditugu: klima aldaketa, ikerketa eta garapena, digitalizazioa, eta beste batzuk».

Lehen seihileko zaila izan du talde osoak, baina, bereziki, industriaren adarrak. Krisiaren lehen kolpea Txinan jaso zuten, han dituen 27 produkzio plantetan, eta, gero, horren eragina mundu osoko 41 herrialdetan dituztenetara hedatu zen. Jarduera lehengoratzen hasiak dira; ekainaren amaieran, %75ean zeuden jada, baina eskariak ez dira nahi edo behar beste sartzen. Taldeko adar horrek inoizko urterik oparoena izan zuen iaz, salmentei dagokienez behintzat, eta pandemia kolpetik aldatu ditu aurtengo aurreikuspenak.

Basamortuko bidaia

Ekain amaieran BERRIAk eginiko elkarrizketa batean, Uzinek aitortu zuen hainbat kooperatibatan likidezia arazok dituztela eta neurriak hartzen hasiak direla; azpimarratu zuen balantzeak orekatzeko gastuak murrizten ari direla, besteak beste, soldatak jaitsiz, %13 arte kasu batzuetan. «Hartu behar ziren lekuetan erabaki gogorrak hartu dituzte batzuek», adierazi zuen Uzinek, eta ohartarazi egoera okerragoa izan daitekeela. «Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean gera daitezke». Haren ustez, birusak duen eboluzioaren eta instituzioen laguntzen araberakoa izango da susperraldia, eta Europako goi agintariek asteon lortu duten akordioan jarri zituen «esperantzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.