Suteak baretuta, uholdeak dira orain arrisku nagusia

Europako orain arteko tenperaturarik beroena erregistratu dute Sizilian: 48,8. Klima larrialdiaren ondorioez ohartarazi du Atenasek

Uholdeek eragindako luizia Turkia iparraldeko Bartin hirian, atzo. IBRHIM YOZOGLU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun

Egoera baretuz doa Grezian: bi astez 46 gradu inguruko tenperaturetan izan ondoren, beroa eta suteak apalduz doazela dirudi. Orotara 90.000 hektarea erre dira, eta Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak berak esan du gertatutakoa «inoizko hondamendi ekologikorik handiena» dela. Baina arriskua ez da amaitu: oraindik piztuta dauden suteez gain, uholdeak dira orain mehatxu nagusia. Izan ere, baso eremu handia erre da, eta adituek ohartarazi dute geratzen den landaretza ez dela gai izango eurite gogorrei aurre egiteko.

Mitsotakisek berak barkamena eskatu du gertatutakoagatik, baina ontzat eman du gobernuaren kudeaketa, eta nabarmendu gobernuak «herritarren ongizatea» izan duela une oro lehentasun. Ukatu egin du prebentzio neurrietara nahikoa diru bideratu ez izana, baina aurreratu du datozen urteetan «inbertsio handiagoak» egin beharko direla: «Klima larrialdia hemen da, eta argi utzi du guztia aldatu beharra dagoela, hasi estatuaren lan egiteko modutik eta herritarren egunerokoraino».

Grezian bezala, Italian ere hasia da bero bolada baretzen, baina tenperaturak oso beroak dira oraindik ere. Atzo Italiako agintariek Europan erregistratutako tenperaturarik beroenaren berri eman zuten, 48'8 gradu; Siziliako Siracusa hirian izan zen. Beroak suak indartu ditu, eta dagoeneko bost lagun hil dira. Suhiltzaileek 300 esku hartze baino gehiago egin behar izan zituzten atzo 12 orduan. Hegoaldea da suteek gogorren jotako eremua.

EB Europako Batasunak laguntza bidali du bai Italiara eta bai Aljeriara ere. Grezian su-itzaltze lanetan ari ziren Frantziako hiru hegazkin heldu dira Italiara. Aljeriara, berriz, beste bi hegazkin bidali dituzte. Horrez gain, Bruselak iragarri du suak itzaltzeko lanetan jarraituko dutela Grezian, Albanian eta Ipar Mazedonian ere.

Aljerian, 73 lagun hil dira dagoeneko suteen ondorioz; horietatik 30, sua itzaltzeko lanetan ari ziren soldaduak. Tentsioa handia da herrialdean, batez ere gobernuko iturriek eurek esan ostean 50 sute ez direla beren kabuz pizten, eta horien atzean «kriminalak» daudela. Testuinguru horrek biktima bat eragin du, sua itzaltzeko lanetan laguntzen ari zen gazte bat. Hainbat lagunek uste izan zuten gaztea sua pizten ari zela, eta eraso egin zioten. Kolpeen ondorioz hil zen gaztea.

Bero boladak, baina, herrialde gehiagori ere eragiten die. Tunisian, inoizko tenperaturarik beroenak izan zituzten atzo, bigarren egunez: 50,2 gradu neurtu zituzten Kairuan hirian. Tunisen, hiriburuan, 48 gradura heldu ziren termometroak; 1982tik neurtutako egunik beroena izan zen atzokoa hirian.

Alerta egoera

Turkian ere baso eremu handia erre da, eta, ondorioz, euriteak heldu direnean, lurrak ez du ura xurgatu ahal izan, eta uholdeak izan dira. Gobernuko iturriek zabaldu dutenez, bederatzi lagun hil dira uholde eta luiziek harrapatuta, herrialdearen iparraldean. Desagertu bat ere badago, 85 urteko emakume bat; urak haren etxea eraman zuen.

[Youtube]https://youtu.be/4LkoI7dA55w[/Youtube]

Kastamonu probintzian izan dira hildakoak. Eskualde hartan metro koadroko 200-300 litro bota ditu 24 orduan, larrialdi zerbitzuek zabaldutako datuen arabera. Uholdeek kalte material ugari ere eragin dituzte: etxeak, errepideak eta zubiak eraman dituzte, eta hainbat herri bakartuta geratu dira.

Barne ministro Muhteren Inceren esanetan, 634 pertsona erreskatatu behar izan zituzten helikopteroz Kastamonu, Bartin eta Sinop eskualdeetan. Haietako askok teilatuetan hartua zuten babes, eta 15 ordu baino gehiago egon behar izan zuten erreskate taldeak iritsi zain. Meteorologia zerbitzuek ohartarazi dute gaur ere metro koadroko ehun litro baino gehiago espero dituztela Sinopen, eta alerta egoera ezarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.