ABEEak Gabonak arte luzatzeko negoziazioa hasi dute Madrilen

Langileak erregulaziotik ateratzea saritu nahi du Espainiako Gobernuak. Sindikatuek eta patronalak ez dute aldaketa handirik egin nahi

ITP Aero Casting enpresako langileak Bilboko auzitegian, ABEEaren aurkako epaiketa zela eta, atzo. BERRIA.
Iker Aranburu.
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hiru hilabetetik behin errepikatzen ari den negoziazioa berriro hasi da Espainiako Lan Ministerioan. Gobernuko, CEOE eta Cepyme patronaletako, eta CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariek atzo eguerdian izan zuten lehen bilera ABEE aldi baterako enplegu erregulazioen baldintzak negoziatzeko, hilaren 30ean iraungiko baitira orain indarrean dauden baldintzak.

ABEEan behin-behineko araudia gutxienez 2021. urtea amaitu arte luzatuko dela ez da inolako zalantzarik, baina ohiko tirabira espero da: batetik, Espainiako Gobernua, ematen dituen laguntzak pixka bat arindu nahian, langileak enplegura itzultzera bultzatuz; bestetik, gizarte eragileak, bakoitza bere ñabardurekin, baina oraingo baldintza onak ahal bezainbat luzatu nahian.

Hiru dira eztabaida gehien sor dezaketen gaiak. Lehenik, Gizarte Segurantzaren hobariak daude. Gaur egun, enpresek ABEEan geratzen diren langileen kotizazioen %100 arte aurrez ditzakete (%90, 50 langiletik gorakoak badira), baina laguntza hori jaitsi egiten da beren sektoreak babes txikiagoa badu. Nadia Calviño Ekonomia ministroak ohartarazi die gizarte eragileei laguntza horiek jaitsi nahi dituela, eta langileak lanera itzularazten dituzten enpresak saritu nahi dituztela. Sindikatuek eta patronalek, ordea, aldarrikatuko dute larri dabiltzan sektoreetako enpresek dutela babes handiagoaren beharra.

Bigarrenik, ikusteko dago zertan geratuko den zero kontagailuaren afera: hau da, ABEE batean daudenek langabezia saria gastatuko duten ala ez. Ez dutela halakorik egin azken urte eta erdian.

Azken auzia patronalaren betiko eskaera da: bertan behera uztea ABEE bat baliatu duten enpresek langileak kaleratzeko debekua. Sindikatuak eskaera horren aurka daude, eta Espainiako Gobernuak ez du orain arte aintzat hartu.

Gauzak gehiegi ez aldatzeko deia egin du Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak. «Logikoena, sinpleena, aurreko baldintzekin berritzea da», ziurtatu du, aldaketa handiak egin nahi izateak «negoziazioa zaildu dezakeelako». Bada, ordea, «ukituko» lukeen puntu bat: iruzurra eragin dezaketen egoerak antzematea eta zigortzea. «Erregulazioan dauden langileetako batzuek lanean dituzte haien enpresak. Uste dugu langile batzuk lanean ari direla, edo ordu gutxiagoengatik kotizatzen eta lanaldiak luzatzen».

Kopuruak, beherantz

Aldi baterako lan erregulazioan dauden langileen kopuruak goia jo zuen 2020ko udaberrian, Hego Euskal Herrian ia lau soldatapekotik bat egon zelako egoera horretan, 250.000 langile. Orduz gero asko apaldu da haien kopurua, nahiz eta izan diren gorakadak, pandemiak gogorren jo eta jarduera murrizteko neurriak zorroztu zirelako. Baina txertaketak aurrera egin ahala, joera beheranzkoa izan da: ekainean 22.000 ziren; uztailean, 16.600, eta, abuztuaren amaieran, 12.490 langile zeuden ABEE batean. Horietatik 7.720 zeuden batere lanik gabe, eta beste 4.770 ordu edo egun batzuetako erregulazioarekin.

Horiei batu behar zaizkie jarduera eten behar izan duten autonomoak. Abuztuan, 6.770 lagun ari ziren autonomoentzat sortutako langabezia sari berezia eskuratzen.

Sistema osoan, berriz, 272.190 langile daude ABEE batean. Horietatik 65.000 dira ostalaritzako langileak, 39.100 hoteletakoak eta antzekoetakoak, 24.700 denda txikietakoak, 15.200 handizkako merkataritzakoak, 13.500 bidaia agentzietakoak, eta 11.800 aisialdi eta kirol jardueretakoak. Portzentualki, berriz, bidaia agentziak dira kaltetuenak, langileen %35 dituztelako erregulazioan. Atzetik doazkio aire garraioa (%15,5), apustu etxeetakoak (%13) eta hoteletakoak (%11,6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.