Manifestazio handi batera deitu dute pentsiodunek abuztuaren 20rako, Bilbon

Arabako eta Nafarroako pentsiodunek mobilizazioak eten dituzte udan, eta Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek datozen egunetan erabakiko dute

Pentsiodunen elkarretaratzea Bilboko udaletxearen aurrean, joan den asteko astelehenean. LUIS TEJIDO / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Udaldiaren hasiera igarri zen atzo pentsiodunen asteleheneroko elkarretaratzeetan. Ohi baino jende gutxiago elkartu zen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan: ehunka batzuk Gasteizen eta Donostian, eta 2.000 inguru Bilboko udaletxearen aurrean. Iruñean ez zuten elkarretaratzerik egin udako geldialdia baino lehen, joan den ekainaren 25ean egin baitzuten azken protesta. Gainontzeko hiru hirietan, urtea hasi zenetik 26. astelehenez atera ziren plazara «pentsio publiko duinak» eskatzera. Baina, uda izanda, eta protestetan jende gutxixeago ikusirik, Arabako Pentsiodunak Lanean plataformak, Nafarroakoak bezala, erabaki du mobilizazio gehiago ez egitea irailera bitarte.

Gasteizen irailaren 17an egingo dute hurrengo manifestazioa, eta Iruñean oraindik ez dute zehaztu iraileko zein astelehenetan itzuliko diren —irail hasieran jakinaraziko dute eguna—.

Bilbon eta Donostian, oraingoz, ez dute erabaki asteleheneroko elkarretaratzeak bertan behera laga ala ez, baina datozen egunetan egingo dute hautua: bizkaitarrek bihar, eta gipuzkoarrek datorren astelehenean.

Erabakia edozein izanda ere, Bizkaiko Pentsiodunak Martxan plataformak udan ere eutsi nahi dio aldarrikapenari, eta atzo iragarri zuen Bilboko Aste Nagusia baliatu nahi duela pentsiodunen borrokaren giharra erakusteko: manifestazio eta elkarretaratze handi batera deitu ditu herritarrak, pentsio duinak defendatzeko Bilboko Aste Nagusiko astelehenean, abuztuaren 20an.

Jose Antonio Perera Bizkaiko Pentsiodunak Martxan plataformako presidenteak azaldu zuen asteleheneroko mobilizazioekin jarraitu nahi dutela uztailean eta abuztuan ere, baina asteazkenero egiten duten batzarretan erabakiko dutela bertan behera utzi ala ez, pentsiodunen astean asteko erantzunaren arabera. Protestak eteteko bi arrazoi argudiatu ditu: biloben zaintza eta oporrak. «Azken batean, seme-alabei arnasa eman behar bazaie bilobak zainduta, egin beharko dugu». Hori bai, Bizkaiko pentsiodunei dei berezia egin die abuztuaren 20ko manifestaziora joan daitezen, horren ostean «irailean indar handiagoz heltzeko aldarrikapenei».

«Hankak dardarka»

Pererak «positibotzat» jo du «Sabin Etxekoei eta PPkoei hankak dardarka jartzea lortu izana». Halaber, azaldu du Pedro Sanchezen gobernuak negoziatzeko borondatea agertu diela, eta udazkenean bilera egitekoak direla, beranduenez urrian, behin Gizarte Segurantzako ministro berriak, Magdalena Valeriok, bere taldea osatua duenean.

Negoziazio «luzea baina serioa» espero du Pererak, eta espero du eskari nagusiak betetzeko balio izatea: pentsioak KPIaren arabera gaurkotzea 2019tik aurrera ere; alarguntza pentsioen inguruan adostutakoa gauzatzea;1.080 euro gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea; jasangarritasun faktorea indarrean ez sartzea; eta pentsioen eta lan merkatuaren erreformak indargabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.