Kukuxumusuk irailean itxiko du azken denda, Ogasunarekiko zorrak itota

Martxotik konkurtsoan da, eta administratzaileak likidatzea erabaki du. Azken egunetan itxi ditu Donostiako eta Iruñeko Estafetako dendak
Kukuxumusuren denda ezagunena, Iruñeko Estafeta kalekoa, itxita.
Kukuxumusuren denda ezagunena, Iruñeko Estafeta kalekoa, itxita. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Joxerra Senar -

2018ko abuztuak 7
Ikono bat itzali da. Kukuxumusu ateak ixten ari da. Arkakusoaren marka ezagunaren banaketa enpresa, Univers Paloseco, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen martxoan, iragan hamarkadan Ogasunarekin izandako zor bati aurre egin ezinik. Orain, likidazioan sartu da enpresa, eta Iruñeko Estafeta kaleko eta Donostiako dendak itxi ditu; aurretik, krisi urteetan, saltoki gehienak saldu zituen, Gasteiz, Bilbo eta Barakaldoko dendak barne. Iruñeko Mercaderes kaleko dendak soilik izango ditu ateak irekita, irailera arte, biltegietako salgaiei bide emateko eta likidazio prozesuari aurre egiteko diru sarrera batzuk lortzeko asmoz.

Irailean, amaiera tristea emango zaio ibilbide oparo bati. Mikel Urmenetak, Koldo Aiestaranek eta Txomin Dominguez de Bidaurretak sortu zuten Kukuxumusu, 1989an. Sanferminen inguruan sortutako marrazkiak festaren ikono bihurtu ziren. Haren gerizpean ospea hartuta, arrakasta eta zabaltzea iritsi zen. 1995ean ireki zuen Iruñetik kanpoko lehen denda, Donostian. Gerora, ehun denda ere izan zituen.

Alta, 2008ko krisiak bete-betean eragin zion. Zorrari aurre egin ezinik eta bankuetan mailegu gehiago eskatzeko iturria itxita, hiru urtez iraun zuen, harik eta, 2011n, denda gehienak saldu arte. Hala ere, hori ez zen nahikoa izan, eta 2012an 1,18 milioi euroren galerak izan zituen enpresak. Ura leporaino zutela, 2014ean, bazkide sortzaileetako bik euren akzioak saldu zizkioten Ricardo Bermejori —2000ko hamarkadan, Nafarroako Kutxak irudi korporatiboaren inguruko lanak adjudikatu zizkion, eta irabazi handiak egin zituen horri esker—. Akziodun nagusi berriarekin desadostasunak zituela-eta, 2016an Mikel Urmenetak bide bera hartu zuen, eta bere akzioak saldu zizkion. Era berean, Katuki Saguyaki enpresa sortu zuen.

Lau urteotan, Bermejok ez du lortu ontzia onbideratzea. Horretarako, lasta handia izan du Kukuxumusuk 2001tik 2004ra Ogasunarekin pilatutako milioi bat euro inguruko zorra. Zor hori 2007an ordaindu behar zuen enpresak, eta Ogasunak uste du ez duela iraungi. Nahiz eta enpresa eskuz aldatu, dirua erreklamatu dio, eta, ordaindu ezinik, martxoaren 13an hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zuen Iruñeko merkataritza auzitegiko Victoria Rubio epaileak.

Langileen egoera

Prozesu horretan, 25 langile kaleratu ditu adminitratzaile judizialak: ekainean hogei, eta uztailaren 31n bost. Oraindik hiru geratzen dira, Mercaderes kaleko dendako lanari aurre egiteko, eta likidazio prozesuaren finantza eta lege arloko kontuak kudeatzeko. Langileek soldata kobratu dute, baina dagokien kalte-ordaina Fogasa soldaten bermerako funtsetik eskuratuko dute. Jarduera itxi ahala, Kukuxumusuren beste plataformak itzaltzen ari dira: webgunea eta sare sozialetako kontuak ez dabiltza.

Orain ikusteko dago zer gertatzen den beste negozio adarrarekin. Univers Palosecoz gain, Kukuxumusuren jabego intelektual eta sormen arloko lanak Kukuxumusu Ideas enpresak kudeatzen du. Hain zuzen ere, iaz gatazka bizia izan zuten Bermejok eta Urmenetak egile eskubideen inguruan. Urmenetaren Katuki Saguyaki enpresari «Kukuxumusuren unibertsoko marrazkiak» baimenik gabe egitea leporatu zion Bermejok, eta epaitegiek arrazoi eman zioten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna