Jaurlaritzak 2013tik ez du sustatu sektore publikoa, LABek salatu duenez

Sektore publikoak %15,8ko pisua zuen 2009ko BPGan, eta %14,8koa 2019ko aurrekontuetan. LABek inbertsio publiko handiagoak nahi ditu

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak datorren urterako prestatu dituen aurrekontuak behin aurkeztuta, joko politikoa zabalik dago. EAJk atzoEH Bildu eta Elkarrekin Podemosen teilatuan jarri zuen aurrekontuak onartzeko pilota, eta haien ekarpenak «aintzat hartzeko borondatea» azaldu zuen Iñigo Iturrate legebiltzarkideak ETBn egindako elkarrizketa batean. Andeka Larrea Elkarrekin Podemoseko komunikazio arduradunaren ustez, ordea, gobernua aurrekontuak luzatzeko «aitzakia» bila ari da, eta, horrekin batera, baita kulpak nori bota bila ere. Tentsio horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak jeltzaleen mezu bera helarazi zien gainerako alderdiei: «Berrikuntzan eta politika sozialetan ekarpenak handitzeko aukera bakarra dira aurrekontu hauek».

Joko politiko horretan sartu zen LAB sindikatua ere, eta Jaurlaritzari kritika egiteko aprobetxatu zuen aukera. «Urkullu gobernura iritsi zenetik, sektore publikoa ez da sustatu», azaldu zuen Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, Bilboko egoitzan egindako agerraldian. Aurrekontuak aztertzeko txostena egin zuen sindikatuak, eta, horren arabera, «gobernuaren ahalegin ekonomikoa ez da handitu» Urkullu gobernura iritsi zenetik. Sektore publikoak %14,8ko pisua dauka BPGan egun, 2013an zuen bera. «2009ra atzera eginez gero, ordea, egoerak okerrera egin du», Aranbururen arabera. Eta ostera datua: sektore publikoak BPGaren %15,8 ordezkatzen zuen duela bederatzi urte.

Eusko Jaurlaritzak inoiz izango duen ahalmen ekonomikorik handiena izango du 2019an: 11.784 milioi. 2018an baino 297,7 milioi gehiago ditu eskura Jaurlaritzak; hau da, %2,6 igo da zenbatekoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGak, ordea, igoera handiagoa izango duela aurreikusten du Jaurlaritzak datorren urterako, %3,7. «Hortaz, 2019rako gastu publikoak BPGak baino gutxiago egin du gora».

«Ez dira sozialak»

Politika sozial zabalago bat egiteko abagunean jarri izan ditu lehendakariak aurrekontu hauek, baina Aranburuk argi azaldu zuen ez direla «ez sozialak, eta ez subiranoak». Izan ere, uste du lehentasuna ematen zaiola zorra ordaintzeari, «behar sozialei erantzun beharrean». Beste hainbat neurriren artean, Aranburuk enpleguari duintasuna emateko neurriak eskatu zizkion Urkulluren gobernuari, baita «soldata arrakalari aurre egiteko konpromiso gehiago» ere.

Horrekin batera, 1.200 euroko gutxieneko soldatak aldarrikatu ditu LABek. Bide horretatik, langile publikoentzat aurreikusitako %2,25eko soldata igoera ere gutxiegi dela iruditu zitzaion sindikatuko arduradunari: «Erosteko ahalmenean hamahiru puntu galdu dute langile publikoek azken urteetan».

Hezkuntzan eta osasunean inbertsio handiagoak egin ditzala ere eskatu zuen sindikatuak.BPGan %3,5eko eta %4,8ko ekarpena egiten dute sail horiek, hurrenez hurren, «politika sozialetan aurreratuak diren herrialdeen zenbatekotik oso urrun». Horregatik, arlo horietan inbertsio handiagoa egiteko eskaera egin zuen Aranburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.