Kataluniara, Kantabriara, Errioxara eta Leonera ere zabalduko da Euskaltel

Nafarroan «erritmo bizian» hazten ari dela dio, eta hango merkatuaren %20 lortu nahi du 2022rako. %8ko kuota dute jada gune batzuetan
Euskaltelen denda bat, Iruñean.
Euskaltelen denda bat, Iruñean. EUSKALTEL

Xabier Martin. Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 10
Aspaldian ekin zion Euskaltelek Euskal Herriko merkatu naturaletik atera eta bere inguruan zabaltzeari, eta kuota handitzeko estrategia horretan urrats gehiago egingo ditu berehala. Derioko konpainiak jakinarazi du aurten Kataluniara, Kantabriara, Errioxara eta Leonera ere zabalduko dela.

Halaber, Nafarroan «erritmo bizian» hazten ari dela ziurtatu zuen atzo, agiri batean; iaz sartu zen Euskaltel Nafarroan. Iruñerrian eta beste herri nagusi batzuetan hasi zuen hedapena konpainia laranjak, eta pozik dago emaitzarekin. «Merkatuaren %8,2 izatera iritsi gara zenbait gunetan». Balio handiko bezeroak direla dio, gehienek hiru produktu kontratatzen dituztelako.

Izan ere, asmo handinahiak ditu Euskaltelek Nafarroarako: 2022rako merkatuaren %20 bereganatu nahi du; 150.000 bezero, gutxi gorabehera. «Erreferentziazko telekomunikazio konpainia izan nahi dugu familientzako zerbitzuen alorrean», ziurtatu du Francisco Artetxe konpainiako kontseilari ordezkariak.

Nafarroa zabalkunde plan handi baten beste pieza bat da, ordea. Hasteko, Euskal Herritik kanpora ere hedatzen jarraitu nahi duelako enpresak. Azken urteetan, erosketa bidez egin du aurrera merkatu arrotzak ziren horietan, lehenik Galiziako R Cable eta ondoren Asturiasko Telecable erosita. Orain, berriz, inguruko lurraldeetara zabaldu nahi du. Orangeren zuntza erabiltzeko hitzarmenari esker, 200.000 etxetara iritsiko da Leonen eta Kantabrian (Espainia), R markarekin. Aurten bertan %4 eta %6 bitarteko merkatu kuota bereganatu nahi du bi merkatu horietan, eta %12ra iritsi nahi du 2022an.

Errioxan, berriz, bere markarekin sartuko da Euskaltel, eta 85.000 etxetara iristeko helburua jarri dio bere buruari. Euskal Herritar askok dute bigarren etxea han, eta Derioko konpainiak uste du marka propioak helburuak betetzeko gaitasun nahikoa duela. Inguruko lurraldeetan ez ezik, Katalunian ere burua sartuko du telefono konpainiak. RACC aseguru etxearekin hitzarmena sinatu du, eta RACCtel+ markaren bidez, 600.000 etxeri emango die telekomunikazio zerbitzu integrala.

Taldeak aurreikusten du 2022an sarreren % 8 eskuratuko dituela merkatu berri horietako bezeroei esker. Gainera, telekomunikazio konpainiak Orangerekin duen hitzarmenak aukera ematen dio etorkizunean hamar milioi etxetara iristeko, «Espainia osoan».

Gaur egun, 800.000 bezero baino gehiago ditu, 705 langile, eta zeharkako 4.200 lanpostu baino gehiago.

Zegonaren erosketa saioa

Zegona inbertsio konpainia britaniarrak —Euskaltelen %15aren jabea— EEP erosketa eskaintza publiko bat egiteko asmoa azaldu zuen iaz, baina atzera egin zuen azkenean, EPPa egiteko behar dituen 250 milioi horiek lortzeko arazoak zituelako, antza. Halere, ez da sekretua Euskaltelen martxa onak inbertitzaile handien arreta erakarri duela, eta ikusteko dago zein den haren geroa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna