Navaleko beharginek errekurtsoa jarriko diete kaleratzeei, keinurik ezean

Sestaoko ontziola alokatzeko edo erosteko eskatu diete Madrilgo eta Gasteizko gobernuei, 'Vox Alexia' dragaontzia egiten jarraitzeko

Sestaoko Naval ontziolako langileen manifestazioa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
«Erailketa industriala» leporatu zien atzo Juanjo Llorden Naval ontziolako langile batzordeko idazkariak Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari. Sestaoko (Bizkaia) ontziola ixtearen «erantzukizun osoa» Madrilgo eta Gasteizko gobernuena dela adierazi zuen Bilbon, ontziolako 173 beharginak kaleratzeko epailearen ebazpena jaso eta biharamunean egindako manifestazioan. Eta iragarri zuen ELA eta CAT sindikatuek errekurtsoa jarriko diotela kaleratzeen ebazpenari, lehenago «keinurik» ikusi ezean.

Keinuok zeintzuk izan beharko liratekeen ere azaldu zuen. Gobernuei bi aukera dituztela esan zien: ontziola aloka dezaketela, langileek Van Oord Herbehereetako armadorearen Vox Alexia dragaontzia egiten jarraitzeko—ontziolaren nasan dago haren kroskoa, egite prozesua aspaldi geldituta—; edo, bestela, ontziola bera eros dezaketela, bideragarritasun plan bat egin eta gero.

Bi gobernuek behin eta berriz esan dute ez dutela ontziola erreskatatuko, EBko legediak ezinezko egiten duela argudiatuta. Eusko Jaurlaritza prest agertu da diru publikoa jartzeko ontziolan, betiere lehenago inbertitzaile pribatu batek konpainia erosten baldin badu, eta gobernuak jabetzaren zati txiki bat hartzen badu.

«Ez da kapritxo bat»

Langileek batzarra egin zuten atzo goizean, eta, amore eman ordez, azken aukerari heltzea erabaki zuten: Vox Alexia ontzia eraikitzeko presio egitea, eta, behar izanez gero, helegitea jartzea eta ontziolaren likidazio prozesua judizializatzea.

Langileek bost eguneko epea daukate, kaleratzeen ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, konkurtsoko epaileari jakinarazteko kaleratzeen ebazpenari errekurtsoa jarriko dioten ala ez. «Judizializazioa ez da kapritxo bat, baizik eta langileon arma bat ontziola defendatzeko», argudiatu zuen Llordenek. «Keinurik ikusten ez badugu, judizializatu egingo dugu nahi eta nahi ez, eta gero, badago tartea atzera egiteko edonoiz. Negoziatzen jartzen bagara inbertitzailearekin eta gobernuekin, minutu batean eten daiteke judizializazioa».

Gobernuek langile batzordeak eskatutako pausoa eman eta ontziola alokatuz gero, Llordenek uste du behargin gehienek aukera izango luketela Navantiaren soldatapeko gisa lan egiteko Navalen, Vox Alexia egiteko behar diren hogei inguru hilabetez —kaleratutako 150 langilek dute ontziola publikora pasatzeko eskubidea—, eta gainerakoek aldi baterako kontratuekin egin dezakete lan.

Beharginek haserre egin zuten atzo manifestazioa Bilbon, batzarra egin eta gero, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzatik Jaurlaritzarenera. Gaur ere Bilbon izango dira, eta ahaleginduko dira Espainiako Gobernuko presidenteari helarazten aldarrikapenak. Izan ere, Pedro Sanchez Euskaltzaindiaren egoitza bisitatzekoa da gaur, eta Navaleko langileek elkarretaratzea egingo dute Bilboko Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren parean.

Etzi beste manifestazio bat egingo dute, 18:00etan, Sestaon, eta martxoaren 15ean Madrilera joango da langile batzordeko ordezkaritza, Industria ministroarekin bilera egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.