Madrilek saltoki handien euskal legea baliogabetzeko asmoa du

Jaurlaritzak auzi horri buruz bilera bat egin du Sanchezen gobernuarekin. EH Bilduk eman du PSOEren asmoen berri, aldizkari ofiziala irakurrita

Hondarribia Village saltoki handiaren proiektuaren fotomuntaketa, Zaldunbordako eremuan. HONDARRIBIA VILLAGE.
xabier martin
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak aurtengo ekainean saltoki handien inguruan aho batez onartutako legea arriskuan egon liteke. Espainiako jarduneko gobernuak hura baliogabetzeko asmoa azaldu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joz, eta Eusko Jaurlaritzak bilera bat egina du irailean, Madrilgo ordezkariekin erakunde biek osatutako Aldebiko Batzordearen barruan.

Baina euskal legeak epaitegien bidez baliogabetzeko Madrilgo gobernuaren enegarren asmoaren berri ez du Jaurlaritzak eman, EH Bilduk baizik. Iker Casanova koalizio abertzaleko legebiltzarkideak atzo jakinarazi zuen Pedro Sanchez buru duen gobernuak «mehatxu» egin diola Jaurlaritzari, hain zuzen, saltoki handiak irekitzea edota handitzea eragozten duen euskal legea Auzitegi Konstituzionalera eramatearekin. Estatuko Administrazioaren eskumenak urratzen dituelakoan da Madril, eta prest ei dago legeari helegitea jartzeko. «Erabaki horrekin, PSOEren gobernua demokraziaren eta autogobernuaren kontra jartzen da», esan zuen Casanovak, ohar baten bidez.

Madrilgo eta Gasteizko gobernuek osatutako Aldebiko Batzordea irailean batzartu zen auzi hori aztertzeko, Casanovaren arabera, «eta, jakinarazi gabe, lege horrekin Madrilek dituen desadostasunak konpontzeko negoziazioak irekitzea erabaki zuen» Lakuak; EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuen Jaurlaritzak EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu zuela, atzo, auzi horren erreferentzia. Hori dela eta, Casanovak «Jaurlaritzaren isiltasuna eta iluntasuna» kritikatu zituen, baita «euskal gizarteari informazio hori ezkutatzea» egotzi ere.

Zortzi artikulutik sei

«Orain arte ez dugu ezer jakin horretaz; informazio hori ukatu zaigu. Beste batzuetan, hain garrantzitsuak ez diren kontuak jendaurrean salatzen ditu Jaurlaritzak, baina kasu honetan ez du hitzik esan. Aldebiko Batzordearen ebazpena Aldizkari Ofizialean argitaratu du, hori baino ez». Ebazpen horren arabera, PSOEren jarduneko Gobernuak legearen sei artikuluren kontra jo du, «eta legeak zortzi artikulu besterik ez duela kontuan hartuta, bistakoa da erasoaren neurria eta merkataritza txikiaren babesean izan dezakeen eragin zeharo kaltegarria», ohartarazi zuen Casanovak.

Madrilek ezbaian jarri duen legea Establezimendu Komertzial Handien Lurralde Antolamenduari buruzkoa da, eta azken asteetan bete-betean sartu da Hondarribiko (Gipuzkoa) Zaldunborda auzian. Eusko Legebiltzarrak iragan ekainean onartu zuen aho batez, PSEren botoak barne; beraz, «borondate demokratiko argi hori errespetatzeko» eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Espainiako Gobernuari. Halaber, Jaurlaritzari galdegin dio «baliabide guztiak erabil ditzan euskal erabakia eta demokrazia defendatzeko eta Legebiltzarraren gaitasun legegilea babesteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.