Inaki Galdos
ARKUPEAN

Sotatarrak

2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Sota familiaren historia ekarri digu udazkenak Eugenio Ibarzabalen eskutik, liburu mardul eta dokumentatu baten bidez. Entsegu lan aberatsa, baina taxutzean zein idazkeran kortse akademikoari iskin egiten diona, irakurketa atseginaren mesedetan.

Asko dira XIX. eta XX. mendeetako 80ko hamarkaden bitartean familia honek bizi izan zituenei buruz esan daitezkeenak, politikan, enpresan, kulturan, finantzetan, artean, kirolean eta beste hainbat alorretan. Besteak baztertu gabe, Ibarzabalek garrantzi berezia eman die Europako enpresa-talde garrantzitsuenetakoa izateraino egindako ibilbideari eta gailur distiratsu horren bueltan, frankistak Bilbon sartu zirenetik euren kontra abian jarri zen mendeku estrategia ankerrari. Liburu korala den arren, hiru belaunalditako gizon garrantzitsuenekin osatu du hari nagusia: Ramon Sota Llano, Ramon Sota Aburto eta Ramon Sota Mac Mahon.

Baina, enpresena liluragarria bada ere, politikari helduko diogu hemen, gutxienez zertzelada batzuk uzteko, gaiak askoz ere gehiagorako ematen duela jabetuta. Hasteko, Sota Llanoren liberalismoaren aldarrikapena egin digu Ibarzabalek, liberalismo historikoa (karlistadak), soziala, ekonomikoa. Laizismoa eta errepublikanismoa ere bai. Eta Sabino Aranarekin izan zuen harreman pertsonal eta politiko bitxiaren errepasoa ere eskaini digu: Aranak Sota eta bere jarraitzaileak fenizio hitzarekin izendatu zituenetik hasi, Sanrokadarekin eta Larrazabalgo txakolindegiko hitzaldiarekin jarraitu eta De Pablo, Mees eta Rodriguez Ranzek idiliotzat hartu zuten harreman hartan bukatu, hurrengo hamarkadetan sekulako eragina izan zuen harremana izan zen hura.

Testuinguru hartan, hainbat galdera utzi izan dizkigu historiak, erantzun ezberdinak —eta askotan kontrajarriak— izan dituztenak. Hasteko, zergatik ez zuen egin Sotak berak alderdi bat sortzeko urratsa, garai hartan Aranak baino jende gehiago, koadro eta azpiegitura hobeak, baliabide gehiago baldin bazituen? Sabinoren karisma izan al zen soilik gailendu zena edo Sotaren erabaki estrategikoa izan zen gero jokatu zuen moduan jokatzea? Bigarrenik, Ibarzabalek ere galdetzen du hau, zer gertatuko zen 1908ko BBBko aukeraketarako boto gehien bildu zuen Ramon Sota Llano presidente izendatu izan balute? Azkenik, ze eragin izan zuen enpresariak Aranaren azken hilabeteetako ziabogan?

Ramon Sota Aburto Bizkaiko ahaldun nagusia izan bazen ere, ez zen honen bizitza politikoa aitarena bezain aberats, garrantzitsu eta erakargarria izan, agian bizi izan zen garaiak eta bizi zuen egoerak ez ziotelako betarik ematen politika egiteko. Zerbait aipatzekotan, bere azken urteetan anaia Manuren tesi erradikalagoetara ustez egin zuen hurbilketa aipatuko genuke.

Aitonarena bezala, interesgarriagoa da Ramon Sota Mac Mahonen ibilbide politikoa. Ez, ordea, hain inportantea, ezta gutxiago ere. Sarri agertzen da bere izena Eusko Jaurlaritzak edota EAJk Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuekin izandako elkarlana aipatzen denean. Eta horrekin batera, ETAren lehen urteetan erakundearekin berak eta bere semeek izan zuten harreman berezi bezain ilun hura, polemika handia tarteko, salaketak eta epaiketa barne. Idatzia utzi zigun Julen Madariagak gertatu zenaren bere bertsioa, baina aurten zendu den bilbotarrak 1964ko azaroan Sota honi bidali zion gutun gogorra bere osotasunean ekarri digu Ibarzabalek bere liburuan. Eskertzekoa.

Esana dago zertzelada batzuk besterik ez direla hona ekarriak, askoz gehiago ere eskaintzen duela liburuak. Gehitu dezadan jakin-mina pizten duen ekarpen interesgarria dela, ez ezer faltan botatzen dugulako, leiho asko irekitzen dituelako baizik. Hirukote honetan zaharrenak, ezin ezkutatu niretzat interesgarriena bera denik, askok uste baino garrantzi handiagoa izan zuen jelkidearen sorrera, sendotze eta ondorengo bilakaeran. Sotista izateak esanahi politiko zehatza zuen garai hartan, nahiz eta Lezo Urreiztietak zioen bezala, Sota bera baino sotistagoak ziren bere inguruko asko. Orain ere bai, gehituko nuke nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.