«Palestinako kausa» amaitu nahi izatea leporatu dio Abbasek Trumpi

Jordaniarekin konfederazio bat eratzeko bake planaren kontra agertu da PAN. Etxe Zuriak diru laguntza murriztu dio UNRWA erakundeari

UNRWA erakundearen ospitale bat, al-Wehdateko errefuxiatuen gunean, Ammanen, Jordanian. AMEL PAIN / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Estatu palestinar bat sortzeko utopia gero eta utopikoagoa da. Donald Trumpen agintaldian, behintzat, ez dirudi bide horretan urrats bakar bat ere egingo denik, ez bada kontrako norabidean. Etxe Zurira iritsi zenetik palestinarren kontrako neurri etengabeak hartu ditu presidenteak, enbaxada palestinarren hiriburu historikora mugitzeko alde bakarreko erabakia hartuz, aurrenekoz, eta errefuxiatu palestinarrei bideratutako diru laguntza ia hutsean utziz, ondoren. Orain jakin denez, konfederazio bat sortzeko proposamena egin omen dio Mahmud Abbasi. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak aurreratu du ez duela egitasmo hori babestuko. Eta Trumpi «Palestinako kausa» amaitu nahi izatea leporatu dio Abbasek. Bake prozesua «blokeatzea» eta «palestinarren kontra» aritzea ere egotzi dio.

Abbasek Jared Kushner Trumpen suhiaren bidez izan zuen presidentearen egitasmoaren berri. Al-Fataheko buruzagiak berak aitortu du hori asteburu honetan. Shaked Morag Bakea Orain gobernuz kanpoko erakundeko presidentearekin eta bi diputatu israeldarrekin elkartu da Ramallahen. Eta beraiei jakinarazi die ez duela egitasmo horrekin bat egingo. Jordaniarekin konfederazio bat eratzea litzateke asmoa, baina formula horretan ez duela sinesten adierazi zuen Abbasek. Israelek ere konfederazioaren parte izan behar duela uste du.

Erantzun horrek, baina, are gehiago tenkatu du bi alderdi palestiarren arteko tirabira. Hamasentzat hiruko formula horrek ez luke emaitza onik emango. Hazem Kasem Hamaseko bozeramaileak zehaztu du zergatik: «Israel eskualdean integratuko zen eta bertan behera geratuko litzateke palestinarrak euren lurretara itzultzeko eskubidea».

Segurtasun Kontseilura

Ez dirudi, baina, presidenteak proposamen hori babestuko duenik. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua irailaren bukaeran egitekoa den batzarrean konfederazioaren ideia salatuko duela aurreratu du Abbasek. AEBekiko haserrea, baina, lehenagotik dator. AEBek Israelen duten enbaxada Jerusalemen ezarri ostean herrialde horrekiko harreman diplomatikoak haustera eraman zuen Abbasek.

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegora bideratutako dirulaguntzak murriztu izana ere «erabateko sabotaia» dela uste du Abbasek. AEBak ziren ekarpen handiena egiten ziotena, baina murrizketa itzela izan da. Urtarrilean 60 milioi euro kendu zituen eta orain 172 milioi. Berez, 300 milioi euro emango zituela aurreikusten zen.

Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan bizi diren bost milioi errefuxiatu palestinarren etorkizuna kolokan jarri du murrizketak. Israelen sorrerarekin 1948an euren etxeak utzi behar izan zituzten 700.000 palestinarren ondorengoen etorkizuna. Gaza eta Zisjordaniako errefuxiatu eremuetan bizi dira asko eta asko, baina baita mugako herrialdeetan ere: Jordanian (2.000.000), Sirian (530.000) eta Libanon(464.000).

Pierre Krahenbuhl UNRWAko arduradunaren hitzetan, «krimena» da murrizketa. Nir Barkat Jerusalemgo alkatea, baina, haratago joateko prest agertu da, etaerakundearen egoitza hiritik kanporatzeko asmoa iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.