Bizkaiko Ogasunak 401 milioi euro itzuliko ditu errentaren kanpainan

Ogasuna hasi da dagoeneko aitorpen proposamena 334.000 etxetara bidaltzen. Iaz baino 2.530 aitorpen gehiago egingo dira Bizkaian
Jose Maria Iruarrizaga, ezkerrean, errenta aitorpenaren aurkezpen ekitaldian.
Jose Maria Iruarrizaga, ezkerrean, errenta aitorpenaren aurkezpen ekitaldian. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko martxoak 26
Maiatzaren 2an abiatuko du Bizkaiko Foru Ogasunak errenta aitorpena egiteko kanpaina, eta ekainaren 28ra arte iraungo du. PFEZ pertsona fisikoen errenta zergaren eta ondare zergaren kanpaina 2018ko ekitaldiari dagokio. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak atzo prentsaurrekoan azaldu zuenez, zergapekoei 401 milioi euro itzuliko dizkie ogasunak, eta, kontrara, 344 milioi bilduko dituzte; kopuru horiek aurreikusi dituzte. Batezbestekoa aterata, hamar bizkaitarretik zazpik 1.000 euro jasoko dituzte ogasunetik, baina ordainduko dutenek gehiago pagatu beharko dute; batez beste, 1.900 euro.

Oraindik hilabete baino gehiago falta da kanpaina abiatzeko, baina ogasuna jadanik hasi da bidaltzen zergadunen etxeetara postaz errenta aitorpenaren 334.000 proposamen. Denetara, ordea, 576.800 aitorpen tramitatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, iaz egindakoak baino 2.530 gehiago. Horietatik 401.000 aitorpenetan, zergadunei dirua itzultzea egokituko zaio ogasunari, eta gainerako 175.800 proposamenetan, kontrako norabidea izango du. Iruarrizagak azaldu zuenez, datu horiek «apenas aldatu diren aurreko urteekin alderatuz gero».

Ogasunak etxera bidaliko dituen proposamenez gain, Bizkaiko zergadunek 300 finantza erakunderen bulegoetan egin ahal izango dute euren errenta aitorpena, baina baita diputazioaren webgunean bertan ere. Horretarako, apirilaren 8tik aurrera jasoko dute etxean webguneko aplikazioan behar diren erabiltzaile gakoa eta pasahitza. Edozein modutan ere, webgunean bertan sartuz gero, zergadunek dagoeneko jakin dezakete ogasunak egindako errenta aitorpenaren proposamena etxean jasoko duten ala ez.

Amatasun saria «ezin itzuli»

Arabako Ogasunak ez die dirurik itzuliko Espainiako Auzitegi Gorenak amatasun errentagatik ordaindutako zerga itzultzeko epaia eman aurretik auzibidean zeuden gurasoei. Hala azaldu zuen Jose Luis Cimiano ogasun diputatuak, atzo. Izan ere, nahiz eta 2018ko urrian emandako epaia hor dagoen, aurretik epaitegietan emandako ebazpenak onartu behar ditu aldundiak, «bestela legea urratzen» ariko baitziren. «Inongo erabaki politikok ezin du horren aurka egin», esan zuen.

Dena den, Auzitegi Gorenak emandako epaiaren garaian epai irmorik ez zuten auzibideen kasuan, dirua itzultzeko eskatu ahal izango dute gurasoek.

Gorenaren epai sonatuak bakarrik Espainiako Ogasunari eragiten zion arren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek ere laguntza horiek itzultzea erabaki zuten, derrigorturik egon gabe. Baina aurretik ez itzultzeko epaia izan zutenen kasuan ezin izan zuten horrela jokatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna