AEBak Ukrainako bake mahaian egon daitezela eskatu du Bielorrusiak

Moskuk baztertu egin du Washington gonbidatzea Donbassko gatazka konpontzeko negoziazio taldera. Goi bilera bat prestatzen ari da taldea

mikel rodriguez
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Europan gaur egun dagoen gatazka militarrik handiena da Ukraina hego-ekialdeko Donbass eskualdekoa. 2015ean su-eten bat ezarri zuten armadak eta Donbassko milizia independentistek, baina urteotan menia hori ez da guztiz bete, eta egoera trabatuta dago aspaldian. Konponbide politiko bat lortzeko promesa egin zuen Volodimir Zelenskik apirileko hauteskundeetako kanpainan, eta Errusiarekin, Alemaniarekin eta Frantziarekin solasean ari da bake prozesuari bultzada emanen dion goi bilera bat egiteko. Bada, Ukrainako iparraldeko bizilagunak, Bielorrusiak, ezusteko adierazpen bat egin zuen atzo, eskatu baitzuen AEBak talde horren parte izateko.

«Ez da posible izanen Ukrainako gatazka konpontzea Estatu Batuen parte hartzerik gabe», adierazi zuen Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidenteak Minskeko Elkarrizketaren Foroan. AEBek eta Europako Batasunak «Europako azken diktadura» erran izan diote Bielorrusiari, eta zigor ekonomikoak eta diplomatikoak ezarri izan dizkiote. Nahiko bakartuta egon da Lukaxenko boterean dagoenetik —1994tik—, eta Errusiari estu lotuta.

Duela hilabete, ordea, John Bolton AEBetako orduko segurtasun nazionalerako aholkulariak Minskera bidaiatu zuen, eta Lukaxenkorekin elkartu zen. Ukrainako gatazka piztu zenean (2014), Lukaxenkok ez zuen babestu Krimeak Errusiarekin bat egitea, eta hego-ekialdeko independentistak ere ez zituen onartu; hala, pixkanaka, hobera egin du Mendebaldearekin zuen harremanak.

Betiko aliatuak, ordea, ez ditu ongi hartu Lukaxenkoren solasak. «AEBek formatu honekin [Errusiaren, Ukrainaren, Alemaniaren eta Frantziaren taldearekin] bat egiteko iritziak ez dauka babesik», adierazi zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. «AEBek Kieven duten eragina erabil lezakete bermatzeko Ukrainak Minskeko akordioa [2015eko meniarena] beteko duela berehala».

Autonomia, hitzartuta

Kievek eta miliziek, duela astebete, konpromisoa hartu zuten tropak bien arteko banaketa lerrotik erretiratzeko, baina oraindik ez dute bete. Zelenskik hitzartu zuen hego-ekialdeko Donbassi autonomia ematea, eta, erabaki horren kontra, milaka lagunek manifestazio bat egin zuten joan den asteburuan, Kieven.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.