Yemen hegoaldeko independentistek negoziazioak eten dituzte

STCko presidenteordeak esan du «aldeen jokabide arduragabearen» ondorio dela erabakia. Su-etena urratu izana leporatu dio gobernuari

Yemen hegoaldeko milizietako kideak. NAJEEB ALMAHBOOBI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Yemen hegoaldeko independentistek atzo iragarri zuten bertan behera utzi dituztela herrialdeko gobernuarekin zituzten elkarrizketak, eta, beraz, eten egin dituzte akordioa betetzeko negoziazioak. Beste aldeari su-etena urratu izana leporatzen diote, eta hori da erabakiaren arrazoia.

Prozesua korapilatsua izaten ari da. Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak (STC) eta Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidenteak Riadeko Akordioa sinatu zuten 2019ko azaroan. Hitzarmen horretan, herrialdeko eragin eremuak banatu zituzten Saudi Arabiaren aliatu den Yemengo Gobernuak —nazioarteak onartzen duen gobernua da— eta Arabiar Emirerri Batuen babesa duten hegoaldeko talde independentistek. Horren edukia ez errespetatzeak, ordea, STC autogobernua finkatzera eraman zuen iragan apirilean. Gero, Saudi Arabiak itun hori azkarrago gauzatzeko proposatu zituen neurriak aztertu ostean, uztail amaieran hegoaldeko independentistek erabaki zuten akordioarekin berriz bat egitea: Yemen hegoaldeko independentistek jakinarazi zuten uko egin ziotela aldebakarreko autonomia deklarazioari, eta boterea partekatuko zutela Hadiren gobernuarekin.

Ez du asko iraun gerturatze horrek, eta berriro atzera egitea erabaki du Hegoaldeko Kontseilu Trantsizionalak. Independentistek salatu dute Yemengo Gobernuaren indar aliatuek eraso egin dietela Abyan probintzian, herrialdearen hegoaldean. Adierazi dutenez, ekainean su-etena adostu zutenetik gobernuko indarrek 350 aldiz urratu dute menia. Eraso horien ondorioz, gutxienez STCko 75 kide hil edo zauritu dituztela jakinarazi dute. Horrez gainera, sezesionistek leporatu diete beste probintzia batzuetan ere zibilak erasotzea, baita Yemengo hegoaldean zerbitzu publikoak hondoratzea ere.

Hegoaldeko independentistek komunikatu baten bidez zabaldu zutenez,Saudi Arabiako agintariei mezu bat igorri zien, baieztatzeko «eten egingo zutela akordioa aplikatzeko elkarrizketetako parte hartzea». Hani Ben Brik STCko presidenteordeak Twitter bidez jakinarazi zuen negoziazioak bertan behera uztea «aldeen jokabide arduragabearen» ondorio dela, eta beharrezkoa zela urrats hori egitea akordioa azkartzeko konpromiso osoa bultzatzeko.

Urteetako gerra

2014an piztutako gerra batean sortutako beste gatazka bat da iparraldearen eta hegoaldearen artekoa. Hasieran, gatazka nazioarteak onartzen duen gobernuaren eta matxino huthien artekoa zen, baina pixkanaka beste hainbat eragile sartu dira. Kanpoan, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak gobernuaren alde agertu ziren, eta xiiten aurkako frontea osatu zuten; izan ere, huthiek Iranen babesa dute, eta horri esker lortu dute urteotako estrategiari eustea. Ordea, barruan, xiiten kontrako frontea zatitu egin zen 2018an, eta Yemen hegoaldeko milizia independentistek Aden hiria hartu zuten —nazioarteak onarturiko gobernuaren hiriburua—, beste eremu zabal batekin batera. Horren ondorioz, nazioarteko babesak zatitu egin ziren. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2014az geroztik 200.000 lagun hil dira Yemenen. Horrez gain, 3,7 milioi desplazatu zenbatu ditu, eta 24,4 milioi herritar laguntza humanitarioaren menpe daude.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.