Ipar Koreak misil bat jaurtiz erantzun dio Seulen elkarrizketarako deiari

Japoniak eta Hego Koreak uste dute misil balistiko bat dela jaurtitakoa. Tentsioa baretze aldera, «ahalegin bat» bat eskatu dio Moonek Kimi

Gizonezko bat, atzo, Seulgo geltoki batean, pantaila batean albisteak ikusten. JEON HEON-KYUN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Elkarrizketarako eta lankidetzarako deia egin zion Hego Koreako presidente Moon Jae-Inek Ipar Koreako lider goren Kim Jong-uni joan den astelehenean, urtea hasteko emandako diskurtsoan. Koreako gerra (1950-1953) formalki bukatutzat emango duen adierazpen bateratu bat du buruan Moonek. Baina Kim bestelako mezua ematen ari da. Aurreko astean, Ipar Koreako Langileen Alderdiaren osoko bilkuran, ez zuen hitz egin ez balizko akordio bati buruz, ez Seulen eta Washingtonen elkarrizketarako deiez. Nabarmendu zuen, ordea, jarraituko dutela herrialdea militarki indartzen, iritzita Koreako penintsulako egoera gero eta ezegonkorragoa dela. Eta, erantzun gisa, Piongiangek misil bat jaurti zuen atzo Japoniako itsasora.

Hego Koreako Estatu Nagusiak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, uste du misila balistikoa dela. «Hego Koreako eta AEBetako inteligentzia zerbitzuak gertatutakoa aztertzen ari dira, xehetasun gehiago eduki ahal izateko». Japoniako Gobernuak ere antzeko mezu bat plazaratu zuen. Tokioren arabera, Chagang probintziatik jaurti zuten misila; hain zuzen, Ipar Koreako armadaren Indar Estrategikoek, gisa horretako armen ardura dutenek, soldadu asko dituzte han. Japoniako Defentsa ministro Nobuo Kihisk esan zion Reuters berri agentziari 500 bat kilometroko ibilia egin zuela jaurtigaiak. Azkenaldian, dena den, Japoniak eta Hego Koreak zailtasunak dituzte Ipar Koreak jaurtitako misilek iritsitako puntu gorena edo marraztutako ibilbidea zehazteko, Piongiangen armategia gero eta sofistikatuagoa baita. 2019az geroztiko jaurtigaiak gai dira inguruko herrialdeek misilen kontra dituzten ezkutuak saihesteko.

Azken hilabeteetan ez da oso ohikoa izan Ipar Koreak misil balistikoak jaurtitzea, eta atzokoa da, hain zuzen, joan den urriaz geroztik jaurtitako aurrenekoa. Aintzat hartu behar da NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak ebazpen sorta bat onartu zuela 2006an, zigorrak jartzeko Ipar Koreari frogatuz gero programa nuklear bat garatzen ari dela.

Gertatutakoagatik «kezka» agertu du Hego Koreako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluak, iruditzen baitzaio oso inportantea dela orain «egonkortasun politikoa» bermatzea, bai etxean, bai nazioartean.

«Tentsioa» eragin dezake

Trenbide baten inaugurazioan parte hartu zuen Moon presidenteak atzo, eta jaurtitako misilazgaldetuta, erantzun zuen «tentsioa» eragin dezakeela eta gaiztotu egin ditzakeela Hego Korearen eta Ipar Korearen artean «geldituta dauden harremanak». Nolanahi ere, elkarrizketarako deia egin zion berriro Kimi, eta horretarako «ahalegin bat» eskatu. Moonen agintaldia bost hilabete barru bukatuko da, eta, legez, ezin du karguan jarraitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.