Indonesiako Lombok uharteko lurrikarak kalte «masiboak» eragin ditu

Gutxienez 98 pertsona hil dira, eta milaka herritar etxerik gabe geratu dira. Agintariek ohartarazi dute desagertuen bila ari direla uhartean

Indonesiako Lombok uharteko lurrikarak kalte «masiboak» eragin ditu.
2018ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Ehun bat pertsona hil, eta berrehundik gora zauritu dira Indonesiako Lombok uhartean herenegun izandako lurrikaran. Richter eskalan 6,9 graduko lurrikara izan da. Milaka pertsona etxerik gabe geratu dira. Sutopo Purwo Nugroho BNPB Nazio Hondamendiak Arintzeko Agentziako bozeramaileak esan du uhartearen iparraldean kalte «masiboak» izan dituztela. Azken urteetako lurrikararik gogorrena izan da. Lehen lurrikara handiaren ostean, zenbait lurrikara txikiago izan ziren. Armada eta erreskate taldeek desagertuen bila jarraitu zuten atzo.

Hondamendia igande ilunabarrean gertatuzen; Euskal Herrian eguerdia zela. Lombok uhartearen iparraldean izan zuen epizentroa lurrikarak, eta kalteak, uharte horretan ez ezik, inguruko irletan ere gertatu ziren, horien artean Balin. Izua berehala zabaldu zen Indonesian, tsunami arriskua zela eta, milaka pertsona hirietatik urrundu baitziren babesleku bila. Azkenean, ordea, ez zen tsunamirik izan. Indonesiako Metereologia Agentziak hamabost zentrimetroko olatuak erregistratu zituen kostaldeko hiru herritan, eta, horregatik, tsunami arriskua baztertu zuten.

Astebete lehenago, uztailaren 29an, beste lurrikarabat izan zen uhartean. Orduan, hamasei pertsona hil eta 350 zauritu ziren. Eraikin askotan izan zituzten kalteak, eta familia ugarik ihes egin behar izan dute etxetik. «Jendea kalera atera zen izuak jota, etxea gainera erortzeko beldur. Duela astebete, etxeek kalteak izan zituzten, eta kalteekin baina zutik jarraitzen zuten eraikinak erori egin dira bigarren lurrikararekin», nabarmendu du Nugrohok. Erreskate taldeek medikuak eraman dituzte kalterik handienak izan diren guneetara. Mataram uharteko hiririk handieneko ospitale nagusietan kalteak izan ziren, eta kalean artatu behar izan dituzte zaurituak. Datozen egunetan, armadak kanpalekuak eraikiko ditu etxetik alde egin dutenak babesteko.

Lombak turismo gune garrantzitsua da Indonesian, eta turistaz beteta egoten da urte sasoi honetan. Turistak beren herrialdeetara itzultzen hasi ziren atzo. Mataramgo aireportuan 24 orduz jarri dituzte hegaldiak, nahiz eta jende pilaketa handiak dauden oraindik. Baliko aireportuan kalteak izan zituzten, baina hegaldiak ez dira bertan behera gelditu.

Hondamendiak Pazifikoan

Munduan hondamendi natural gehien jasaten dituen herrialdeetako bat da Indonesia. PazifikokoSuzko Eraztuna deitzen diote, plaka tektonikoek talka egiten duten lurraldea baita, eta ondorioz ohikoa baita sumendi eztandak eta lurrikarak gertatzea. 2004ko abenduan, lurrikara batek eragindako tsunamiak Asia hego-ekialdea astindu zuen, eta 230.000 pertsona hil zituen, horietatik 168.000 Indonesian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.