Elkarrizketa soziala bultzatzeko elkartea aurkeztu dute Baionan

Ipar Euskal Herriko langile sindikatu eta enpresaburuen erakunde gehienak bildu ditu elkarteak. Enpresa txikiei begira lan egin nahi dute

Langile sindikatuetako eta enpresaburu elkarteetako ordezkariak, atzo, Baionan. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Parez pare egon ohi direnak elkarren ondoan agertu ziren atzo goizean, Baionan, EHES Euskal Herriko Elkarrizketa Soziala elkartearen aurkezpenean. CPME, U2P, eta UDES enpresaburuen elkarteak alde batetik; CFDT, UNSA, LAB eta CFTC langile sindikatuak bestetik. Garapen Kontseiluan izan zituzten elkarrizketetan Medef enpresaburu elkarteak eta CGT sindikatuak ere parte hartu zuten, baina ez dira elkartearen sorrerara batu.

Enpresa txikiei «abantailak eta aterabideak» proposatzea da EHES elkartearen helburua. Bi atal nagusi landuko ditu: langile batzordeen abantaila berak proposatzea enpresa txikietako langileei, eta enplegatzaileen eta langileen arteko lan bitartekaritza eskaintzea.

«[Ipar] Euskal Herria enpresa handi bat balitz bezala hartu dugu, enpresa txikienei enpresa handien abantaila berak proposatzeko», azaldu du Jean Baptiste Etxeto CFDTko kide eta Garapen Kontseiluko presidente ohiak. Frantziako legediaren arabera, 50 langiletik gorako enpresa orok langile batzorde bat behar du, eta horrek abantaila soziokultural andana ematen dizkio langileari. EHESren bidez, 50 langiletik beherako enpresei ere enpresa batzorde baten abantaila soziokultural berdinak ukaiteko aukera eskaini nahi diete: beherapenak aisialdietan, tarifa apaleko bidaiak, beherapenak eta abantailak tokiko 500etik gora saltegitan... Helburua, langilearen erosahalmena emendatzea da, funtsean. Parte hartu nahi duen enpresa txikiak, hilabetero, euro bateko gastua izanen du langile bakoitzeko. Izan dituzten harremanetan jadanik nagusi bat baino gehiago interesatua agertu dela adierazi dute.

Lan bitartekaritzari dagokionez, sindikatuetako eta enpresaburuen elkarteetako ordezkari banaz osatutako batzordeak antolatuko dituzte, eta telefono zenbaki bat ireki dute langileek eta enplegatzaileek haiengana jo dezaten. «Lan gatazka sortu aitzin, langileari eta nagusiari informazioa eta bitartekaritza proposatu nahi dizkiegu», azaldu du Eñaut Aramendi LABeko kideak. «Bonba lehertu aitzin egoera baretzea», aipatu du Etxetok. Bere hitzetan, bitartekaritza batek enpresetan egunerokoan sortu daitezkeen arazo eta desadostasunakkonpondu ditzake; lan auzitegiraino iritsi gabe, elkarrizketaren bidez.

Azkenik, bestelako zerbitzuak eskaintzea ere xedeen artean da; formakuntza saila irekitzea aipatu dute, besteak beste. Proiektua sortzeko laguntza ekonomikoa ere eskuratu dute: Akitania Berria eskualdeak 30.000 euro eman ditu, Pirinio Atlantikoetako departamenduak 12.000, eta Credit Mutuel bankuak 8.000.

Negoziazio kolektiboa

EHESren bidez negoziazio kolektiborako esparru bati bide irekitzeko aukerarik dagoen galdetuta, «proiektuan» dela azaldu du Jean Baptiste Etxeto CFDTko kideak. «Elkarteak markatu dituen helburuetan da», Eñaut Aramendi LABeko kidearen arabera. «Momentu baten buruan, lurralde mailako akordioak beharko ditugu». Etxetok ez du baztertu tokiko batzorde parekide bat sortzeko aukera ere: «Dena irudika dezakegu. Gure arrangura politikoetan da, eta ororen buru abian emanen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.