Lanaldia laburtuko diete Tubos Reunidos taldeko milatik gora langileri

Erregulazioaren negoziazioa gaur hasiko dute Trapagarango Productos Tubularesen, baina amaitu da Amurrioko lantegi nagusian
Productos Tubularesko langileen protesta, artxiboko irudian.
Productos Tubularesko langileen protesta, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Iker Aranburu -

2018ko azaroak 30
Enpresaren galerei —15,7 milioi urteko lehen bederatzi hilabeteetan— eta azken urteetan pilatutako zor handiari aurre egiteko, enpresaren ekoizpena txikitu eta lan kostuak txikitzeko plan bat indarrean jartzen ari da Tubos Reunidos taldea. Kaleratzeen bidetik joan beharrean, langileei lanaldia murriztea hautatu du Arabako enpresak. Taldeko bi enpresa nagusietan enplegua erregulatzeko dosierrak aurkeztu ditu: Amurrioko Tubos Reunidos enpresa nagusian, 700 langileetatik 660ri eragingo die lanaldiaren murrizketak, %50ekoa. Trapagarango Productos Tubularesen (Bizkaia), berriz, lantaldeko 407 lagunetatik gehientsuenak geratuko dira erregulazioan.

Iturri sindikalek Efe agentziari azaldutakoaren arabera, komertzialak, mediku eta erizainak, eta giza baliabideetako langileak bakarrik geratuko dira Productos Tubularesen lanaldia laburtzeko espedientetik kanpora.

Productos Tubularesek hodiak egiten ditu, eta bete-betean jasan ditu petrolio industriaren inbertsioaren erorketa eta Donald Trumpek Europako Batasuneko altzairu inportazioari jarritako muga zergen kaltea.

Zuzendaritzaren asmoa da urtarrilean hastea lanaldiaren murriztearekin, eta 2020ko otsailera arte irautea erregulazioak. Haren baldintzaren negoziazioa gaur da hastekoa, eta beste lau bilera egitea aurreikusi dute zuzendaritzak eta sindikatuek.

Lanaldia murriztu aurretik, enpresa kaleratzeen bitartez saiatu zen bere kostuak txikitzen. Langileek protesta biziak egin zituzten, eta zuzendaritzak 157 langile kaleratzeko dosierra bertan behera uztea erabaki zuen.

Tubos Reunidosen egoera

Dosierra aurreratuago doa Tubos Reunidos. Industrialen, Amurrion (Araba). Negoziatzeko epea akordiorik gabe bukatu dela eta, protesta egin zuten atzo langileek, taldeak Bilbon duen bulego baten aurrean. Enpresaren egoera kaskarra zuzendaritzaren kudeakuntzari egotzi diote, eta industria plan bat eskatu dute taldeari bideragarritasuna bermatzeko. Enpresa batzordeko presidente Oier Bidaurrazagak (LAB) ziurtatu du lanaldia laburtzeko espediente bat ez dela irtenbidea: «Ezin da egoeraren zama guztia langileen bizkarren gainean jarri, ez baitira gertatutakoaren errudun». Gogorarazi duenez, 2016an izan ezik, emaitza operazio positiboa izan du azken urteetan Tubos Reunidosek, eta zorrak eragiten ditu galerak. 2007-2016ko epean akziodunei banatutako 77,4 milioi euroren irabaziei egotzi die zor horren zati baten ardura.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna