Arabako aeronautikako langileek manifestazioa egingo dute larunbatean

Sektoreko dozena erdi enpresatako langile batzordeek eta sindikatuek deitu dute mobilizaziora. ITPn laugarren greba egunera deitu du ELAk

JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aeronautikaren sektorea ataka estuan da koronabirusaren krisiak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Hegazkingintzako enpresa erraldoiek ez dute eskaerarik, eta krisiari aurre egiteko milaka langile kaleratuko zituztela iragarri zuten uda hasieran. Bada, erabaki horrek ondorio zuzenak izan ditu euskal enpresetan ere. Araban daude enpresa horietako gehienak, eta, sektorearen egoera dela eta, manifestazio bateratu batera deitu dute larunbaterako, Gasteizen.

«Enpresa bakoitzaren dinamikez gain, borrokak eta mobilizazioak egin behar ditugula sinetsita, manifestazio handi honetan bat egin nahi izan dugu. Gure indarrak batzeko, elkar defendatzeko eta aurrera jarraitzeko», azaldu du Juan Carlos Gomezek, Aernnovako langile batzordeko lehendakariak. Aernnovak ez ezik, deialdiarekin bat egin dute Alestis, Fibertecnic, Burulan, Gmpasa, Meltraltec eta Feliu&Madinabeitia enpresetako langile batzordeek ere.

Langileek salatu dute sektoreak etekin handiak pilatu dituela azken urteetan eta erakundeek laguntza ugari eman dizkietela enpresei. «Eta, hala ere, langileak kaleratu dira, lan karga penintsularen erdialdera eta hegoaldera desbideratu dute, ekoizpenaren zati handi bat beste herrialde batzuetara eraman dute, eta erakundeek ez dute ezer egin», gaitzetsi du Gomezek.

Horiek horrela, langile batzordeetako ordezkariek ohar zuzena egin diete erakundeei, eta eskatu diete industria politika serioa garatzeko, egoeraren ondorioak langileek ordain ez ditzaten. «Bada garaia konpromisoak hartzeko, eta honelako sektore estrategiko baten aldeko apustua egiteko».

Hegazkingintzaren sektoreak1.400 lanpostu zuzen eta zeharkako 8.000 inguru ditu Araban. Aernnova, Alestis, Aciturri... asko dira langileak kaleratuko dituztela jakinarazi duten enpresak. Gaur-gaurkoz, Aernnovak 450 behargin ditu Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratuko zituela iragarri zuen. Aciturrik, berriz, 214 kaleratze egingo ditu bere lau fabriketan—Berantevillan du horietako bat, eta beste 87 dira Alestisen Arabako adarrean lana galtzeko bidean dauden beharginak, Miñaoko parke teknologikoko plantan, hain zuzen.

Gomezek salatu du enpresek «epe laburreko ikuspegia» baino ez dutela, eta horrela ezinezkoa dela egoerari buelta ematea. «Hau ez da kaleratzeekin konpontzen, baizik eta epe ertainera eta luzera begirako politika industrialarekin». Eta azpimarratu du ez lan baldintzek eta ez enpleguek ez dutela eragin egun duten egoera, eta, beraz, ezin direla irtenbidearen parte izan: «Lana banatu behar inor atzean utzi gabe».

Larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 12:00etan hasiko da, Urrezko Zeledonen plazatik, eta Foruen plazan amaituko da.

ITP Aerok greba gaur

Mobilizazio betean dira ITP Aeroko langileak ere, enpresak Zamudion (Bizkaia) 194 behargin kaleratu nahi dituelako. Langile batzordea eta zuzendaritza hirugarrenez elkartu ziren atzo kaleratze horien erregulazio espedientearen xehetasunak negoziatzeko. ELAk azaldu duenez, informazio ekonomiko gehiago eskatu dio enpresari bileran, eta hark antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak adierazi ditu kaleratzeen argudio gisara.

Erantzun horren aurrean,laugarren greba egunera deitudu ELAk gaurko. Manifestazioa egingo dute ZamudiokoParke Teknologikoan bertan, 07:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.