Trapero mossoen buru ohia absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Epaileek ez dute sedizio deliturik ikusi Kataluniako poliziaburu ohiaren ekintzetan. Hamar urteko kartzela zigorra eskatzen zuten haren aurka

Trapero, iragan urtarrilean, haren aurkako epaiketako lehen saiotik ateratzen. FERNANDO VILLAR / EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Josep Lluis Trapero Kataluniako mossoen buruzagi ohia absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta, hortaz, ez du frogatutzat jo 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma egiteagatik zigorturikoekin kolaboratu zuenik. Harekin batera, Teresa Laplana mossoen intendentea, Cesar Puig Barne Kontseilaritzako idazkari ohia eta Pere Soler mossoen zuzendari ohia ere errugabetzat jo ditu, eta, hortaz, ez dituzte ez sedizioagatik ezta desobedientziagatik zigortuko. Aldeei gaurko 09:30ean jakinaraziko diete erabakia.

Auzitegiak ez du frogatutzat eman Traperok eta beste bi akusatuek Espainiako epaitegien aginduak betetzea galarazi edo oztopatu izana, eta ez du uste Diego Perez de los Cobos Espainiako Guardia Zibileko koronelaren lekukotasuna aski denik zigorra ebazteko. Sententzia aldeko bi botorekin eta kontrako batekin onartu dute; Concepción Espejel epaileak ez du bat egin auzitegiko beste kideekin, eta boto partikularra eman du.

Epaileen erabakia gaur dute jakinaraztekoa, baina atzo arratsalderako hainbat hedabidek filtratu zuten albistea, iturri juridikoak aipatuta. Fiskaltzak hamar urteko kartzela zigorra eskatu zuen Traperorentzat, Puigentzat eta Solerrentzat, eta laukoa Laplanarentzat, sedizio delituagatik; alternatiba gisara, desobedientzia delitua proposatu zuen, horrek urte eta zortzi hilabeteko zigorra eta 60.000 euroko isun ekonomikoa suposatzen duelako, eta ez kartzelakoa. Ministerio Publikoaren tesiaren arabera, mossoek agintari politikoekin kolaboratu zuten 2017ko urriaren 1eko galdeketa egin zedin; epaileek, ordea, ez dute hori frogatutzat jo.

Horrez gain, fiskaltzak argudiatu zuen Traperok ez zuela ezer egin 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean izandako protestak gelditzeko.

Traperoren etorkizunaz, Miquel Samper Kataluniako Barne kontseilariak herenegun adierazi zuen mossoen zuzendaritzara itzultzeko proposamena helaraziko diola, hura absolbituko balute.

Epaiketako adierazpenak

Mossoek 2017ko urriaren 1eko erreferendumean izan zuten jokabidea epaitu dute aurten. Epaiketan, Traperok azaldu zuen bera 2017ko apirilean mossoen buru izendatu izanak —U-1eko erreferenduma baino hilabete gutxi lehenago— ez zuela loturarik izan prozesu subiranistarekin, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak ez zuela bere izendapenaren berri, eta Albert Battle mossoen zuzendari ohiak proposatu zuela kargurako.

Puigdemontekin zuen harreman pertsonalaz galdetuta, «ez ona, ez txarra» zela esan zuen, eta horrek ere ez zuela zerikusirik izan izendapenean. U-1eko galdeketaz, honakoa adierazi zuen: «Ahal genuen guztia egin genuen erreferenduma egin ez zedin; agindu guztiak bete genituen». 2017ko irailaren 20ko protestetan, Kataluniako poliziek izan zuten jokabideaz ere jardun zuen Traperok; kontatu zuenez, Guardia Zibilak laguntza eskatu zien mossoei, baina, Traperok berak jakinarazi zienez, ez zuten efektibo nahiko eskariak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.