Brasilgo Auzitegi Gorenak pandemiaren kudeaketa ikertzeko agindu du

Auzitegiak ontzat eman du oposizioak aurkeztutako eskaria. Sao Pauloko gobernadoreak ohartarazi du ospitaleak kolapsatzear daudela

Kanpainako ospitale bateko pasabide bat hutsik, atzo, Sao Paulon. SEBASTIAO MOREIRA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Brasilgo osasun krisiak oposizioa indartu du, eta, goraldia baliatuta, pandemiaren kudeaketa ikertuko duen batzorde bat osatzea lortu dute presidentearen aurkakoek. Auzitegi Gorenak atzo baieztatu zuen oposizioko senatari batek bezperan egindako eskaria. Hala, dagoeneko osatu dute ikerketa batzordea. 11 kide izango ditu orotara: bost, oposizioko alderdietakoak edo oposizioaren gertukoak; lau, gobernuko kideak eta Jair Bolsonaro presidentearengandik gertukotzat jotzen direnak, eta bi, independenteak.

Goreneko epaile Luis Barrosok zehaztu zuen eztabaidagai dagoena ez direla soilik erabaki politikoak, baizik eta «Konstituzioa bete ote den eta gutxiengo batek pandemia betean botere politikoa fiskalizatu» ote duen. Haren esanetan, pandemiak okerrera egin izanak behartu du auzitegia batzordea osatzera. Izan ere, oposizioa otsailetik ari zen halako ikerketa bat eskatzen. Orain, hurrena Senatuko presidenteak erabaki beharko du batzordeak nola egingo duen lan.

Gorenak ikerketa batzordea osatzea onartu baino ordu batzuk lehenago, Bolsonarok gogor jo zuen oposizioak bultzatutako urratsaren aurka, eta ohartarazi zuen herrialdea «bolbora upel bat» dela, eta «arazo larriak» izango dituela koronabirusaren aurkako neurri murriztaileak hartzen badira. «Herrialde osoa ixten badugu, gizarte arazo sakonak sortuko dira. Ez naiz inor mehatxatzen ari, baina uste dut laster arazo larriak izango ditugula herrialde osoan. Herriak lan egin nahi du, eta nik herriak nahi duena egiten dut».

Bien bitartean, egoerak okerrera egin du herrialdean. Sao Pauloko gobernadoreak COVID-19ak jota larri dauden gaixoak intubatu ahal izateko materiala eskatu zuen atzo, eta ohartarazi beharrezko tresneria 24 orduko epean iritsi ezean erietxeak kolapsatu egingo direla. Estatuko Osasun idazkari Jean Gorinchteynen esanetan, egun dituzten botikek «egun batzuk» soilik iraungo diete. Estatuko arduradunak joan den asteartetik ari dira materiala eta botikak eskatzen lurraldeko 643 erietxeetarako.

46 milioi biztanle bizi dira Sao Paulon, eta han dute ospitale gehien ere. Hori dela eta, agintariek ohartarazi dute han erietxeak kolapsatzen badira kolapso horrek herrialde osoan izango duela eragina. COVID-19ak hildakoen kopuruak ere nabarmen egin du gora azken asteetan, eta batez beste eguneko 4.000 hildakoraino heldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.